Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Indarkeria matxistak eraildako emakumeak gogoan

Ainhoa Arozena 2019ko aza. 26a, 10:34

Aiztondoko Mugimendu Feministak antolatuta, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Villabonako Malkar plazan. 2019 urtean eraildako 94 emakumeren izenak irakurri eta zapata pare bana jarri zuten haien omenez, haietako bakoitzak utzitako hutsunea nabarmenduz. Ondorengo idatzia irakurri zuten ekitaldian zehar:

Egunero irratia piztu edota telebista ikusten dugunean indarkeria matxistaren inguruko berriren bat entzuten dugu. Egunero Interneten murgiltzen garen momentu horretan izen berri bat ikusten dugu. Egunero. Egunero.

Eta egunero entzuten eta ikusten dugun horrek ohitura sortzen du, minaren ohitura, errepresioaren ohitura, beldurraren ohitura.

Gaur ohitura horretatik ihes egitea erabaki dugu eta datu gordinak plazara ekarri nahi izan ditugu. Benetako datuak. Izen propioa duten datuak.

Eta horretarako datu ofizialak baztertu eta indarkeria matxistaren izenean erailak izan diren emakume guztien izenak zabaldu nahi ditugu, genero indarkeri ofizialaren barruan sartzen direnak eta hortik at geratzen direnak ere.

Ez gaituzte erailtzen emazteak garelako, andregaiak garelako. Emakumeak garelako erailtzen gaituzte, bollerak, transak, etorkinak, prostituzioan aritzen garelako. Heteropatriarkatuak hiltzen gaitu, gizonek hiltzen gaituzte! Eta dagoeneko nazkatuta gaude, bide bakarra borroka dugu. Gora autodefentsa feminista!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!