‘Ilazki, gauaren amandrea’, ilargia abiapuntu eta ardatz duen dantza-ikuskizuna

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 11a, 10:08
Maialen Urdapilleta, 'Ilazki, gauaren amandrea' dantza-ikuskizunaren sortzailea.

Maialen Urdapilleta billabonatarrak gidatzen duen Donostiako Samadhana dantza eskolak, ‘Ilazki, gauaren amandrea’ ikuskizuna eskainiko du datorren igandean, abenduaren 15ean, Tolosako Leidor antzokian, 12:00etan. Oso emanaldi berritzailea izango dela aurreratu du Urdapilletak eta Aiurriko irakurleak ere bertara gerturatzera gonbidatu ditu.

‘Ilazki, gauaren amandrea’ dantza-ikuskizuna da, baina baita gehiago ere. Errealitatea oinarri duen fantasia kutsuko istorio indartsua. Ilargia da protagonista nagusia; ilargia, ikuskizuneko abiapuntu eta ardatz, haren sinbologia eta naturan nahiz gizakiarengan duen eragina azalduko da emanaldiaren baitan. Istorioa dantzak harilkatuko badu ere, musikak bezala, narratzailearen ahotsak ere gidatuko du bidea. Fantasiazkoa dirudien istorioak oinarri antropologiko, psikologiko eta mitologikoa gordetzen du bere baitan. Izan ere, Antropologiako diplomatura egin du Maialen Urdapilletak azken urteotan eta irakurri nahiz ikasi duenaren emaitza da igandean taula gainean aurkeztuko duten lana, landua eta oso zaindua. Maialen Urdapilleta berak idatzi du emanaldiko gidoia eta berak osatu ditu dantzen koreografiak ere. Samadhana dantza eskolako 30 dantzari arituko dira taula gainean eta ekialdetik hasita egungo Euskal Herrira egingo dute bidaia. “Ekialdeko dantzetan oinarritu arren, dantza eskola kreatiboa da Samadhana, beti saiatu izan naiz mugimendu eta ukitu berriak tartekatzen. Hala ere, ‘Ilazki, gauaren amandrea’ orain artean osatu dudan ikuskizunik berritzaileena da. Sortzaile bezala, dantza, espresio modu bezala hartzen dut, adierazteko erreminta gisa, eta bestelako mugekin apurtzen ari naiz”, adierazi du. Bada, ilargiaren argitasunetik iluntasunera jauzi egingo dute dantzariek ikuskizunean zehar eta doinuak ere denetarikoak izango dira: indartsuak, sentiberak, motelak nahiz azkarrak, “argiak eta ilunak”…

Abenduaren 15ean, Leidor antzokian
2009an zabaldu zuen Maialen Urdapilletak Samadhana dantza eskola Donostiako Gros auzoan eta bi urtez behin eskaintzen dute euren saioa Tolosako Leidor antzokian. Bada, azken lanaz gozatu nahi duenak datorren igandean izango du aukera, eguerdiko 12:00etan. Guztiei luzatu die gerturatzeko gonbitea, “dantza emanaldiaz gain, erakutsiko den edukia oso interesgarria delako. Egia esan, neroni ere harrituta geratu naiz emaitzarekin. Emakumearekin lotura handia dauka eta gaurko egunean oso interesgarria iruditzen zait taularatuko den gaia, unibertsala dena”, adierazi du Maialen Urdapilletak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!