Antton Pebet memoriala 2019

Ostiralean eta larunbatean erabakiko dira Antton Pebet memorialeko finalistak

Aiurri 2019ko abe. 19a, 11:00
Iker Elizegi asteasuarra aurreko asteburuan.

Antton Pebet memorialeko finala abenduaren 28an jokatuko da 17:30ean, Bearzana pilotalekuan.

Ostiralean, abenduak 19, jokatuko da finalerdietako lehen partida. Bertan, Eneko Maiz billabonatarrak jokatuko du Eneko Labakaren ordez, eta bikote Arbizu izango du. Aurkari lanetan, berriz, Sancho usurbildarra eta Elizegi asteasuarra arituko dira. Partida 19:00etan hasiko da Bearzana pilotalekuan. 

Iñaki Lizaso pilotariak eta Behar Zana elkarteko kideak azaldu duenez, "nahiz eta Eneko Maiz ezker paretean ibili azkenaldian gehien bat trinketean jokatzen duelako, duen maila ezker paretera ere zabaltzen du. Orain dela gutxi Zubizarretaren aurka, dagoen aurrelari hoberenaren aurka, 19-14 joan zen elite txapelketako partidan Laudion (Araba). Egia esan luxuzko ordezkoa da herrian bertan, Eneko Labakak ezingo duelako jokatu. Arbizu atzelari nafarrak izugarrizko kolpea du, maila ikusgarria. Aurkariak, berriz, Sancho beteranoa da, nahiz eta oraindik 30 urte ez dituen. Antton Pebet memorialeko finaletan behin baino gehiagotan egona da, txapela ere irabazi du. Berarekin Asteasuko Elizegik Asperekin aurrekontratua du. Partida boribila espero da".

Larunbat goizean Jon Urbieta asteasuarrak finalaurdenak izango ditu buruz buruko Gipuzkoako Txapelketan. Ondoren jokatuko da Antton Pebet memorialeko bigarren finalaurreko partida. Espinal-Alduntzin bikote nafarra eta Exposito (Astigarraga)-Lizeaga (Hernani) bikotea lehiatuko dira finalerako plazaren bila.

Larunbateko partidaren ondorengo errepasoa egin du Lizasok: "Expositok ere Asperekin aurrekontratua du. Izugarrizko indarra du. Atzean, berriz, Lizaga dagoen atzelari hobenetarikoa, kolpez bizia, pilota oso bizi erabiltzen du. Aurkarieri dagokienean, Espinal artista hutsa. Tantoa oso erraz amaitzen du. Aurrelari punteroenetakoa da. Alduntzinek ere txapelketa garrantzitsuenetan bukaerara iristen den pilotari segurua eta maila handikoa da".

Finala
Finala abenduaren 28an jokatuko da promesen partida batekin. "Promesak dira, Antton Pebet memorialean hoberenak soilik jokatzen dutenez, besteentzako tokirik ez dago, baina aldi berean beste txapelketa batzuk badaude, zaharrak eta gazteak bereizten dituztenak. Horietako lau onenak ekarri nahi ditugu, jendeak ikus dezan atzetik ere badatoztela maila handiko pilotariak eta joko garbiko eliteko erakustaldia izango da. Iparraldeko pilotariak ere etorriko dira", gehitu du Lizasok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!