EAJk parte-hartze prozesuaren formak kritikatu ditu

Aiurri 2020ko ots. 19a, 11:25

Amasa-Villabonako EAJ-PNV kritiko agertuko da EH Bilduk Amasa-Villabonan abian jarri duen parte-hartze prozesuarekin. Ondorengo eskutitza igorri du talde jeltzaleak:

EAJ-PNVren Udal taldeak herritarren parte-hartze prozesua martxan jartzeko proposamena babestu zuen, udalerriko kolektibo eta pertsona ezberdinek partida ekonomiko batzuen azken helmuga erabaki ahal izan zezaten.

Urtarrilaren 22an lehen batzar ireki batekin hasi behar zen prozesua, eta ez zen egin, ez arrazoirik ez inori ezer jakinarazi gabe. Ondoren, gure udal taldeak jakin zuen, jada egin zenean, batzarra urtarrilaren 29an izan zela (gaur dakigun deialdia, porrota izan zen). Alkatetzatik, eta hau gero eta ohikoagoa den praktika bat da, ez zitzaien ezer jakinarazi EAJ eta PSEko zinegotziei. Adostasuna lortu nahi duen prozesu bat abian jartzeko modu polita!

Hori gutxi balitz, alderdi politikoak ez ziren bilerara deituak izan; Behar Zanako ordezkariak ere ez zituzten gonbidatu; Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzak ere ez; Odol-emaileen elkartea ere ez . Beraz, galdera argia da: norekin adostu nahi da deialdia ere egiten ez bazaie?

Desantolaketak nagusi izaten jarraitu du, eta hurrengo bilera, otsailaren 13rako aurreikusia, bertan behera geratu zen, "Talde gutxik baieztatu zutela" argudiatuz. Eta horrela abiapuntura itzultzen gara: nori deitu zitzaion? Nola? Alderdi politikoei ez; Behar Zanako zuzendaritzari ere ez, odo-emaileei, askoz gutxiago. Tira, zentzugabekeria bat. Azkenik, bilera otsailaren 17rako deitu zen (Elkarrekin Podemos eta beste eragile batzuk ere ez ziren deituak izan). Beatriz Unzue alkatea ez zen bilerara joan (honi buruzko azalpenik ez zen eman).

Baina burugabekeria hau are kezkagarriagoak diren beste errealitate batzuekin batera dator.

Akordioak lortu nahi direla esaten da, baina Bilduk EAJk udal aurrekontuei prestaturiko zuzenketei uko egin zion eta ez ziren gai izan lehenago gurekin biltzeko. Nahi adina proposamen egin ahal izango direla esaten da, baina alkatetzak ez-ofizialki adierazten du "2 edo 3 proposamen" baino ez direla sartuko; eta, amaitzeko, Bilduk dagoeneko iragarri du prentsan "herritarren" proposamen horietako baten xedea: Larreako parke estalia, 2100.000 €-ko kostuarekin. Ariketa demokratiko handia! Herritarrek erabaki baino lehen udal gobernuak erabaki!

Horregatik, EAJ-PNVren udal taldetik eskatzen dugu, aurrerantzean, parte-hartze prozesua informazio eta seriotasun maila handiagoarekin garatzea eta herritarren benetako parte hartzeak behar dituen berme guztiak izatea.



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!