Dantzariak ere ataka estuan jarri ditu COVID-19ak

Ainhoa Arozena 2020ko eka. 25a, 17:14
Uxue Urruzola, Ioritz Galarraga, Itziar Uzkudun eta Oier Laborde Villabonan, elkarrizketaren ondoren.

Itziar Uzkudun eta Uxue Urruzola billabonatarrak Aukeran dantza konpainiako dantzariak dira. Ioritz Galarraga amasarra Baionako Bilaka kolektiboan ari da dantzan egun, baita Donostiako MugMus laborategian ere. Oier Laborde billabonatarra, berriz, dantza irakasle ibiltaria da: Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldean ez ezik, Donostian edota Seguran ere eskaintzen ditu eskolak. Joan zen urria bitarte Aukeran konpainiako dantzari izan zen, geroztik hainbat saiotan aritu izan da.

Jakina, guztiei eragin die euren bidean COVID-19aren etorrerak. Etenaldia ekarri die, bai entseguei nola emanaldiei begira. Aukeran dantza konpainia Xabi Solanoren bakarkako diskoaren aurkezpenerako saioa prestatzen ari zen, eta aurre estreinaldia egin bazuten ere, ezin izan zuten, aurreikusita bezala, zuzeneko estreinaldirik eskaini. Streaming bidez egin dute berriki, “ikuslerik gabe eta maskarak jantzita. Oso arraroa izan zen maskarekin dantza egin beharra”, diote Itziarrek eta Uxuek. Bilaka kolektiboak ere bertan behera utzi behar izan ditu Hauts eta Basaide emanaldi berriak, gauza bera MugMus laborategiak ere. Oteiza emanaldiaren saio bat baino gehiago bertan behera uzteaz gain, airean daukate azaroan aurkezteko asmoa zuten emanaldi berria. “Hiru hilabete ezer handirik egin gabe. Berriz ere zerotik hasi behar, aurrez egindakoak ez baitu dagoeneko balio”, adierazi du penatuta Ioritz Galarragak. 

Mugak gehitu

Konfinamenduaren ondoren, gizarteak garrantzia zeri ematen dion agerian geratu dela uste dute, “kulturgintzako beste hainbat alorretan bezala, ez da dantzarion lana kontuan hartu. Tristea da horrela ibili beharra. Neurri horiek kulturari jarrita, lehen zaila zenari mugak gehitu baitzaizkio”. Baina, era berean, berrogeialdian zehar kultura beharrezkoa dela argi ikusi da lau dantzarien ustez, “jendeak kultura nahi du, eta erakundeei ‘hemen gaude’ esan nahi diegu”, adierazi du Uxuek. “Lehen prekarioa zen gure lana eta errematea etorri da orain. Hasi berrientzat zailagoa izango da aurrerantzean. Talde ezagunek soilik izango baitute aurrera egiteko aukera”. Herrian bertan jan, edan eta kontsumitzeko deia egin den bezala, “kulturari lotuta ere ondo legoke bertakoen eskaintza kontuan hartzea, bertakoek eginiko lana kontsumitzea”, Ioritzen hitzetan. Amasarrak Ipar Euskal Herrira jo behar izan du dantzatik bizi ahal izateko. “Jende askok oraindik ez du ulertzen egunean zortzi ordu dantzari eskaini arren, nola izan daitekeen dantza ofizio”. Dantzari gehienentzat, ordea, hobbya da dantza egitea, “ezin baitugu hartatik bizi. Beste lan bat egitera behartuta gaude, dantzari gure denbora librea eskainiz”, dio Uxuek. Dantzarien ikuspegitik hitz egin dute eurek, baina ez dituzte ahaztu nahi emanaldi bakoitzaren atzean aritzen diren teknikariak, “gu baino oraindik eta egoera okerragoan baitaude haiek”. Deia luzatu dute: “Jendeak emanaldi profesionalak ikusi nahi ditu, baina horretarako baliabideak jarri behar dira”. 

Dantza eskolak online

Oier Laborderi, aldiz, lana gutxitu beharrean gehitu egin zaio konfinamendu garaian: hasieratik eutsi baitio dantza eskolak eskaintzeari. “Pertsonalki lan handia izan da niretzat. Lehen ere ohituta nengoen egunean lau dantza saio jarraian ematen, baina ez da gauza bera online aritu beharra. Gainera, bideogintzan ere aritu behar izan dugu eskaini behar genituen emanaldi ezberdinen muntaiak osatzen. Lan polita, baina gogorra izan da. Ikusi egin behar orain honek guztiak zein eragin izango duen hurrengo ikasturteko izen-emateetan”, azaldu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!