Mendi irteera, Aizkardiren eskutik

Aiurri 2020ko uzt. 4a, 15:39

Villabonako Aizkardi Mendizale Elkarteak, mendi irteera berezia antolatu du uztailaren 19rako. Martxoan egiteko zuten mendi ibilaldia bertan behera utzi behar izan zuten, baina, konfinamendua amaituta, mendi martxako ibilaldi laburra egiteko aukera eskaini nahi du elkarteak, segurtasun neurriak betez:

Villabonatik abiatu, eta Meaka (530m), Belabieta (675m), Urdelar (857m),  Mugaga (685m), Olantzako Borda (656m), Ibarrolako Erreka, Kanal Handia (300m), Mandabideta (240m) eta Lastur Parkea (175m) zeharkatu ondoren,Villabonara itzuliko dira parte-hartzaileak.  Honako araudia finkatu du elkarteak ibilaldia egin ahal izateko:

1.- Izena ematea derrigorrezkoa izango da. Honetarako 649 71 71 82 telefonoa eskura jarriko da astelehenetik ostiralera 20:00etatik 22:00 etara. Izenemate epea uztailaren 17, ostiralean amaituko da, edo gehienezko 120 izen emateetara iristen denean.

2.- Parte-hartzaileak lau taldetan banatuko dira, gehienez ere 30 pertsona izango dituelarik hauetako bakoitzak. Taldeak izen-emate ordenaren arabera beteko dira.

3.- Talde bakoitzean ibilaldiaren abiadura eta Olantzan egingo den geldialdiko atseden denbora kontrolatuko duten Aizkardi M.E. ko bi arduradun joango dira. Puntu honetan kotxe bat egongo da, norbaitek erretiratu nahiko balu ere.

4.- Talde bakoitzeko parte-hartzaileak Aizkardi MEko arduradunen argibideak betetzera, taldean elkarrekin joatera eta distantziamendu sozialeko araudia betetzera konprometitzen dira.

5.- Talde bakoitza Malkar plazan elkartuko da ordu-erdiko aldearekin, goizeko zazpietan hasita, hau da, lehen taldearen irteera 7:00etan izango da, bigarrenarena 7:30etan, hirugarrena 8:00etan eta laugarren taldea 8:30 etan.

6.- Mendi ibilaldiaren iraupena gehienez ere 6 ordukoa izatea aurrikusten da, beraz azken taldea Amasa-Villabonara 14:30 inguruan iritsiko litzateke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!