Dirulaguntzak, haurrak Seaska Haurreskolan matrikulatzen dituzten gurasoentzat

Aiurri 2020ko uzt. 29a, 12:08
Argazkia: Amasa-Villabonako Udala.

Eskaerak egiteko epea 2020ko abenduaren 15ean amaituko da, 14:00etan. Villabonako Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan aurkeztu beharko dira eskaerak.

Iaz bezala, Amasa-Villabonako udal gobernuak Seaska Haurreskolako matrikulazioak sustatzeko dirulaguntzak ezartzea jarri zuen mahaigainean pasa den uztailaren 21ean izandako Amasa-Villabonako Tokiko Gobernu Batzordeko bilkuran.

Proposamena onartua izan zen EH Bildu eta PSEko ordezkarien aldeko botoarekin eta EAJ-PNV taldearen abstentzioarekin (aldeko lau eta kontrako bozka bakarrarekin). EAJ-PNVko ordezkariak ez zuen dirulaguntza babestu, bere esanetan "diru-sarrera handiak dituzten familiek (urtean 50.000 euroko familia errenta) haurrak zein haurreskolatan matrikulatu erabakitzeko gaitasuna izan behar dute eta familia horiek dirulaguntza jasotzea ez da bidezkoa".

Dirulaguntza horren bidez, herriko haurreskolako matrikulazio kopurua handitzea eta etorkizunean haur eskola zerbitzu publikoaren biziraupena ziurtatzea da udalak lortu nahi duen helburua.

Bete beharreko baldintzak
Haurra Seaska Haurreskolan izena emateko bi baldintza bete behar dira:

  1. Amasa-Vilabonan erroldatuta egotea eta bertan bizitzea.
  2. Haurra Seaska Haurreskolan (Haurreskolak partzuengoan) matrikulatuta izatea.

Laguntza motak
Familia unitateek dituzten urteko diru-sarreren arabera bi dirulaguntza ezberdin ezartzen dira:

  1. Urteko familia errenta 18.000 eurotik 30.000 eurora: Haurreskolak partuzuergoan ordaindutako kuoten %100a ordainduko zaie, doakotasuna lortuz.
  2. Urteko familia errenta 30.000 eurotik 50.000 eurora: Bost orduko zerbitzuagatik hilean 40 euro. Zortzi orduko zerbitzuagatik hilean 58 euro.

18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiek doako zerbitzua izango dute, Eusko Jaurlaritzak bideratutako laguntzaren bidez.

Amasa-Villabonako herritar guztiek haurreskola zerbitzua erabiltzeko eskubidea izatea bermatu nahi du udal gobernuak eta baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei doakotasuna aitortzea pausu handia da norabide horretan.

Aurkeztu beharreko agiriak
Ondorengo agiriak aurkeztu behar dira haurra Seaska Haurreskolan matrikulatzeko:

  • Eskatzailearen NAN, AIZ edota indarrean dagoen nortasuneko agiria.
  • Familia liburua.
  • Villabona Udalerriko Haurreskolak Partzuergoan 2020an matrikulatuta dituzten haurren matrikula egiaztagiriak.
  • 2020an ordaindu dituzten kuoten egiaztagiriak.
  • Eskatzailearen kontu korrontea eta titulartasuna adierazten duen bankuko agiria.
  • Bizikidetza unitateko kide guztien 2019. urteari dagokion Pertsona Fisikoen gaineko Errenta Aitorpena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!