Irrintzi elkartearen Azoka Berezia, irailaren 12an

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 4a, 11:09

Irrintzi elkarteak urteroko Azoka Bereziarekin aurrera egitea erabaki du; beharrezko babes neurri guztiak betez, noski. Datorren larunbatean izango da hitzordua, irailaren 12an, 09:30etik 14:00etara, Erreboteko plazan.

25. urteurrena betetzen du aurtengoan Irrintzi elkarteak antolatu ohi duen Azoka Bereziak. Era guztietako elikagai eta artisau produktuak eskaintzen dira bertan: eskualdekoak bezala, Euskal Herri osotik etortzen diren ekoizleenak. Bada, azokarekin aurrera egitea erabaki dute elkarteko kideek, besteak beste, postutik posturako distantziei eutsiz. Irrintzi elkarteko lehendakari Dorleta Aranburuk adierazi duenez, gogotsu agertu dira azokan parte hartu ohi duten saltzaileak ere, "haiekin harremanetan jarri garenean baiezkoa eman digute; gustura, gainera!". Hori bai, segurtasuna bermatzeko, azoka lekuz aldatzea erabaki dute: Txermingo ikastola azpitik Erreboteko plazara, "ikastola azpia leku itxiagoa denez, postuak Erreboteko plazan jartzea pentsatu dugu. Leku gehiago izango dugu bertan distantziak ondo betetzeko". 

Isats gisatuen lehiaketa

Azokaz gain, urtero legez, Aiztondoko elkarteen arteko Isats gisatuen lehiaketa ere egin nahi dute. "Oraindik ez dugu guztiz erabaki, baina ahal dela, lehiaketarekin ere aurrera egiten saiatuko gara", adierazi du Dorleta Aranburuk.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!