Oinarrizko produktuen bilketa, beharrean dauden herritarrei laguntzeko

Aiurri 2020ko ira. 9a, 11:12
Joan zen ekainean egin zen janari eta oinarrizko produktuen bilketako irudia.

Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak, udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, oinarrizko produktuen bigarren bilketa herrikoia abiarazi du herrian. Egoera ekonomiko larria bizi duten horientzat lehenengo mailako produktuak biltzea da ekimen solidario honen helburua.

Jasoko diren produktuak

Egunerokotasunean sortzen diren beharrei aurre egiteko produktuak bildu nahi ditu Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak, baina batez ere, oinarrizko elikagaiez gain, higiene produktuak azpimarratu nahi ditu, higiene pertsonalerako zein etxea garbitzeko produktuak.

  • Higiene produktuak: xanpua, bainurako gela, pixoihalak, konpresak, detergentea, lixiba…
  • Oinarrizko elikagaiak: olioa, lekaleak, kontserbak, pasta eta arroza, esnea, gailetak …
  • Eskola-materiala: arkatzak, boligrafoak, koadernoak, pinturak, borragomak, zorrozkailuak,…

Irailaren 12ra arte egin daitezke ekarpenak

Atzotik martxan dagoen ekimen hau irailaren 12an amaituko da, larunbatean. Astegunetan herriko hainbat komertziotan jarritako kutxetan utz daitezke produktuak, eta irailaren 12an, larunbata, Eroski eta BM supermerkatu atarietan propio prestatutako guneetan egin daitezke donazioak.

Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea

Egoera ekonomiko larria bizi dutenak eta bazterketa arriskuan dauden herritarrak laguntzeko elkartasun dinamika herritarra da Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea. Zuk ere sare honetan boluntario bezala parte hartu nahi izanez gero, deitu 627 364 521 telefono zenbakira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!