"Lan figuratibo eta abstraktuekin jolastea gustatzen zait"

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 18a, 08:41
Seve Iglesias, Xiker tabernaren kanpoaldean margotu duen irudiaren ondoan.

Margolari oparoa da Seve Iglesias Santos billabonatarra, eta egindako lanak erakustea gogoko du bi urtean behin, gutxienez. Irailaren 18tik urriaren 2ra bere lanak ikusteko aukera izango da Gurean.

Azken bi urteotan osatutako margolanen erakusketa zabaltzekotan zara. Zer nolako lanak ekarriko dituzu oraingo honetan?

Konfinamendu garaian osatutako lanekin erakusketa zabala jarri nuen orain gutxi Lasarten. Apenas erakutsi nuen paisaiarik, lan figuratiboak baizik; errealismoa eta abstraktua nahastuz. Villabonarako lan gehiagorekin osatu dut Lasarten jarritako erakusketa hura.

Paisaia bakarra izango da oraingoan. Gauza eta objektu konkretuekin osatutako irudiak gehiago: tartean bodegoi modukoak, baina ez betikoak. Beste ukitu bat eman nahi izan baitiet.

Irailaren 18tik urriaren 2ra zabalik egongo da erakusketa… 

Bai, eta bertan egongo naiz egunero. Asko gustatzen baitzait ikusleekin lanen inguruan berriketan aritzea. Orain artean ez dut herriko ikastetxeetatik bisitarik jaso. Aberasgarria iruditzen zait haurrak etorri eta margolanak ikustea. Asko gustatuko litzaidake haien iritziak entzutea, begi fina izaten baitute.

Artea oso gauza iragankor eta sotila da, eta denen eskura egon beharko luke. Dohainik gainera. Villabonan zorte handia dugu halako erakusgela eskura izateagatik. Beti saiatu izan naiz zerbait egiten dakien hori bere lanak erakutera animatzen. Baina Villabona herri txikia da, eta kosta egiten da. 

Erakusketaz gain, kaleko hainbat pareta margotu duzu azken aldian. Berriki, Xiker tabernaren kanpoaldekoa…

Formatu handiak gero eta gehiago erakartzen nau. Xiker tabernakoa nire ekimenez sortu da, tabernako kideei nuen ideia azaldu eta baiezkoa eman ondorenean. Aurrez, froga modura, Txermingo ikastolaren atzealdeko paretan Julito Iturberen irudia margotu nuen: Villabonak errebotearekin duen lotura kontuan hartuta, urte askoan errebote-jokalari izan zenari errekonozimendua eginez. Erakusketa amaitu eta gero, kaleko muralgintzari denbora gehiago eskaini nahiko nioke.

_______

Inaugurazioa

Irailak 18, ostirala, 18:30etik aurrera

Erakusketa zabalik egongo da urriaren 2ra arte: astelehenetik ostiralera 18:30etik 20:30era, eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

Bertan izango da egunero Seve Iglesias, ikusleekin berriketan aritzeko.

Elkarrizketa osorik Aiurri hamaboskariaren 567. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!