“Duatloia antolatzeko umorez eta aurrera egiteko asmoz geunden”

Aiurri 2020ko urr. 24a, 21:00
Amasan lasterketa antolatzeko azpiegitura osoa prest zegoen, baina azkeneko gertaeren eraginez kolokan geratu da proba.

ENEKO GURRUTXAGA Amasako mendiduatloiaren antolatzaileetakoa

 

Koronabirusa dela eta, kasuak ugaritu egin dira eta Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko dituela iragarri du. Lasterketa egiteko prest egon arren, antolatzaileek bertan behera utziko dute

Aurtengo egoera zaila izan arren, aurrera egiteko prest zeundeten.

Bai, nahiz eta aurtengo egoera xelebrea izan, aurrera gindoazen. Egia da herrikoia zen guztia alde batera geratzen ari zela, baina gure kirola aire librean egitekoa da. Normalean distantziak errespetatzen direnez eta kontaktukoa ez denez, mendiduatloia egin zitekeela pentsatu genuen. Azken albisteak entzunda, atzera egitea erabaki dugu. Umorez eta aurrera egiteko asmoz geunden.

Gainontzeko urteekin alderatuta, aldaketarik ba al zegoen aurreikusita? Zer nolako zailtasunak izan dituzue aurtengoan?

Aldaketarik nabarmenena musukoaren erabilera izango litzateke, baita distantzia sozialari eustea ere. Horrez gain, probari lotutako sarbideetan gel hidroalkoholikoa banatzekoak ginen eta desinfekzio lanerako prest geundena. Beste aldaketa bat ere bazegoen, honek min handiagoa ematen zigun: lasterketaren ondorengo hamaiketakoak sortzen zuen festa txiki hori aurten egitea ezinezkoa zela. Aurreko urteetan garrantzia handia ematen genion festa horri, parte hartzaileak zaintzeko modu bat izaten baitzen. Elkarren arteko giroa sortzeko baliagarria zen. Aurten ez zen horrelakorik izango, eta proba amaitu bezain pronto guztiok etxera joan beharko genuke. Aurtengoan, ez kirol proba, ezta hamaiketakoa ere, ezingo ditugu egin.

Zenbat lagun elkartzen zarete antolaketa lanetarako?

Azken hilabeteetan hasi ohi gara: Herritarren laguntzarekin bideak garbitu, Mendiduatloiko azken proba egin den herrira material bila joan, helmugako azpiegitura jaso... Lanik handiena egunean bertan izaten da, eta gutxi gora behera antolakuntzarako 25 pertsona inguru elkartzen gara. Plaza itxi behar izaten da, eta muntaia osoa egin. Astean zehar ere ibilbidea txukundu eta markak ipintzen ditugu.

Eskualdekoen artean zenbatek dute parte hartzeko ohitura?

Bospasei ibili izan gara beti. Orain gehiago garela esango nuke. Ingurukoen artean Amasan parte hartzeko ohitura dago, Amasako mendiduatloiak izena baitauka. Hogeitazortzigarren edizioa izango da aurtengoa. Ibarran eta Adunan ere eskualdeko lagun gehiago irtengo litzatekeela iruditzen zait, bereziki aurtengoan. Datorren urteko mendiduatloiaren zain egon beharko dugu orain.

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!