Covid19 | Datuak egunez egun

Gorriz ageri da Amasa-Villabonako intzidentzia tasa metatuaren adierazlea

Aiurri 2020ko urr. 26a, 17:23

Gipuzkoako eta Beterriko joeraren bidetik, Amasa-Villabonako datuak okertzen ari dira. Gaurkoan intzidentzia tasa metatuan gorri kolorera pasa da, Gipuzkoako herri gehiagorekin batera.

Astez aste garatuz joan den egoera izan da. Urriaren hasieran Villabonako kutsatze tasa ez zen kezkagarria, R0 delako indizea 1aren azpian zegoelako. 1etik gora dagoenean esan nahi du kutsatu bakoitza pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari dela. Ez zen hori kasua, eta hurrengo bi asteetan aldagai hori okertuz joan da. Gipuzkoan, oro har hartuta, hazkunde hori gertatu da.

Data Urriak 19-25 Urriak 12-18 Urriak 6-12
Intzidentzia tasa 541,82 355,57 287,84
RO kutsatzea 1,52 1,11 0,94
Kutsatuak 21 11 8

Urnietan eta Andoainen egunak daramatzate horrela. Jaurlaritzak ezarritako "gomendioez" gain, udalerri bakoitzak bere erabakiak hartu ditu. Oro har udalaren eskumeneko diren gizarte, kultur eta kirol mailako jarduera oro eten egiten dira. Astebeteko neurriak dira, eta Urnietak dagoeneko bigarren astez luzatuko ditu udalerrirako ezarritako neurriak.

Amasa-Villabonak, beste udalerriek egin bezala, udalerriari dagokion neurri sorta iragarriko duela espero da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!