Amasa-Villabonako Udalak etxebizitza politika berria garatuko du 2021etik aurrera

Aiurri 2020ko urr. 27a, 08:40
(Ezkerretik eskuinera) Gislan enpresako Julen Landa, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Xabat Laborde Hirigintzako zinegotzia.

Gislan Kooperatibak egindako azterketaren arabera, Amasa-Villabonako biztanleriaren zahartze-tasa hazten joango da, eta etxebizitza hutsen kopurua handitu egingo da, baita etxebizitzaren beharra ere.

Metabolismo demografikoaren eta etxebizitza parkearen azterketaren aurkezpena izan zen atzo, urriak 26, Amasa-Villabonako udaletxean. Funtsean, etorkizunean udalerrian zein etxebizitza behar egongo den aztertu da, hamabost urterarteko perspektiba kontutan hartuta. Azterketa Gislan Kooperatibak garatutako lana izan da, eta aztertutakoaren berri ematera bertako kide den Julen Landa etorri zen. Berarekin batera egon ziren aurkezpenean Amasa-Villabonako alkate den Beatriz Unzue eta Hirigintzako zinegotzia den Xabat Laborde.

Gislan Kooperatibako Julen Landak hartu zuen hitza lehenik. Funtsean, hiru puntu aztertu dituzte Gislanen. Batetik, biztanleriaren eta bizikidetza unitateen egungo egoera aztertu eta horien prospektiba egitea; bigarrenik, etxebizitza parkea aztertu eta egindako analisiak etxebizitza parkean duen erabilera mahaia edo presioa aztertzea; eta hirugarrenik, Amasa-Villabonako etxebizitza parkearen katalogoa osatzea. Hori guztia aztertzeko hiru datu base erabili ditu Gislanek: udalaren biztanleria errolda, etxebizitza katastroa eta azken urteko ur kontsumo maila.

Zahartze-tasa altua
Gislan Kooperatibako Julen Landak azaldu zuenez, "Amasa-Villabonako biztanleriaren %90a herrigunean kokatzen da. Landa eremuko auzoek, berriz, biztanleria kopuru txikia dute eta zahartze tasa oso altuak". Hori horrela, hemendik hamabost urtetara begira, biztanleria ez dela asko haziko esan zuen, "beti ere orain arteko joera naturalak eta migrazio-saldo joerak mantentzen badira". Ondorioz, adin egitura asko zahartuko da, eta horri landa eremuan dagoen zahartze-tasa gehituz, hustuko diren etxebizitza kopuruak ere gora egingo du.

Gazteak erdigunean kontzentratuta
Emantzipatutako gazteak nagusiki erdigunean kontzentratzen direla adierazi du Landak; baina baita eremu periurbanoan ere. Guztira, %6ra ere ez dira iristen bizikidetza unitate horiek. "Adineko pertsonak bakarrik bizi diren bizikidetza unitateak, aldiz, %22a dira", azpimarratu du.

Etorkizunera begira, udalerriko bizitza unitateen kopurua %7 haziko da, hau da, 161 bizikidetza unitate berri pasatxo.  Eta bizikidetza unitateei dagokienez, gero eta presentzia handiagoa dute bizikidetza unitate txikiek. Pertsona bat edo bi pertsonez osatutakoek udalerriaren %56a osatzen dute.

Amaitzeko, etxebizitza hutsen tasa ez dela %10era iristen azpimarratu du Landak: "Guztira, 260 etxebizitza dira, gutxi gorabehera. Tasa hori askoz altuagoa da landa eremuan. Badaude etxebizitza hutsak berriak direnak eta ez direnak merkaturatu". Ondorioz, hurrengo urteetan etxebizitzaren beharra handituko da, "baina udalerriak badu gaitasuna presio hori bereganatzeko". Horretarako etxebizitza hutsak merkaturatzea ezinbestekotzat jotzen du, presio guztia erdigunean konzentu gabe, eremu periurbanoa balioan jarriz eta ahal izatekotan landa eremua ere bai.

Amasa-Villabonako Udalaren erronkak
Etxebizitza parkearen azterketa eskuartean edukita, Amasa-Villabonako Udalak zenbait erronka aurreikusten ditu. Erronka nagusietako bat gazteak herrian geratzearena dela azpimarratu du Xabat Laborde Hirigintzako zinegotziak: "Oso garrantzitsua da, eta erronka inportantea da guretzat, bertako gazteak Amasa-Villabonan errotzea. Bizi dugun zahartze prozeduak, gazteak herrian mantentzearen garrantzia oraindik ere areagotu egin du. Udal bezala ezin dugu onartu herriko gazteak Amasa-Villabonan etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak direla medio, beste herri batzuetara joan behar izatea”.

Alokairuaren gaiari dagokionez, argi du udalak alokairuaren eskaintza zabaldu beharra dagoela, eta eskaintza "zentzuzko prezioetan" eskaini behar dela. Etxebizitza hutsak direla eta, helburua erabilgarri jartzea dela azaldu du Labordek. "Orain arte hartutako neurriek, etxebizitza hutsei zerga errekargua ezartzearena kasu, ez dituzte nahi genituzkeen emaitzak eman". Eta bizikidetza unitateen gehiengoa pertsona batek edo bik osatzearen egoerari erantzuna emateko, etxebizitzen eskaintza zabaldu edo moldatu egin beharko dela gehitu du.

Prentsaurrekoari Beatriz Unzue alkateak eman zion amaiera,adieraziz 2021. urtean etxebizitza politiko aktiboa garatzen hasteko konpromisoa hartzen duela Amasa-Villabonako Udalak. Horretarako, helburu eta neurri zehatzak jasoko dituen plangintza osatuz, kronograma eta ekintza planarekin. "Etxebizitza politika aurrerakoi, eraldatzaile eta eraginkorra osatu eta garatu nahi dugu, txebizitza duina izatea benetako eskubidea izan dadin".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!