Premiazko beharren berri ematen duen baliabideen gida aurkeztu dute

Aiurri 2021ko mar. 18a, 19:13
Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde alkateordeak, Arantxa Lopez Gizarte Politiketako zinegotziak eta Itziar Garcia gizarte langileak.

Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak 2021erako osatu duen baliabideen gida aurkeztu dute.

Baliabide guztiak biletzen dituen liburuxka herriko etxe guztietara banatuko da, datorren astean zehar. Era beran, www.villabona.eus webgunean elebitan eskuragarri jarriko da.

“Amasa-Villabonan bizi diren pertsonen ongizateaz ari gara, eta udal honentzat lehentasunen artean lehentasunezkoena, pertsona guztien oinarrizko behar eta eskubideak bermatzea da. Pertsonak erdigunean jartzen direla esatea, ezin da eslogan huts bat izan, guk benetan jartzen ditugu pertsonak erdigunean eta horregatik udaleko Gizarte Zerbitzuen saila indartzeko neurri zehatzak hartu ditugu; azken bi urteetan sailaren aurrekontua ia %40an igo dugu, COVID-19ak eragindako larrialdi egoerei erantzuteko laguntza-lerro berriak jarri ditugu martxan, pertsonal aldetik ere saila indartu dugu, eta gaur beste urrats garrantzitsu bat aurkeztera goaz”, adierazi dute agerraldian.

“Gizarte babeserako baliabideak edo laguntza-lerroak martxan jartzea ez da nahikoa. Ezinbestekoa da herritarrek informazioa edukitzea eta informazio horrek argia, ulertzeko erraza eta benetan erabilgarria izan behar du. Herritar bakoitzak duen egoeraren arabera, laguntza edo zerbitzu motaren bat jasotzeko baldintzak betetzen dituen egiaztatzen laguntzeko tresna gisa ere ikusten dugu gida hau”.

Amaitzeko, diru sarrera eskasagatik pobrezia arrisku egoeran edo beharrizan ezberdinak izan ditzaketen herritarrei, inolako konplexurik edo beldurrik gabe Villabonako udaleko Gizarte Zerbitzuetara jotzeko deia egin diete: “Udaletxean arreta emango zaie guztiei eta informazioa edota aholkuak jasotzeko aukera izango dute”.

Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuak:

  • Telefono zenbakia:943692100.
  • Oordutegia: 08:00-14:00.
  • Posta elektronikoa: gizarte@villabona.eus
  • Aurrez aurreko arreta: Ezinbestekoa da udaletxeko behe solairuan dagoen Herritarren Arreta Zerbitzura jotzea eta aurrez ordua hartzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!