David Barandiaran hil da, hegaztien maitale amorratua

Xabier Lasa 2021ko api. 12a, 10:59

David Barandiaran Iturrioz, Amasa-Villabonako taxidermista, ornitologo eta margolari ezaguna larunbatean hil zen, 94 urte zituela. Bere aldeko hileta elizkizuna, gaur, arratsaldeko 19:00etan egingo da, Jesusen Bihotza parrokian.

David Barandiaran natura zale amorratua izan zen bere bizi guztian, eta izugarri zekien hegaztien bizimoduaz, ohiturez…, Aiurriri eskaini izan zizkion hiru elkarrizketetan nabarmendu zen bezala.

Taxidermista gisa, makina bat animalia disekatu izan zituen, bizirik baleude moduan kontserbatzeko asmoz.

Ehiza ere gogoko zuen, baina aitortu izan zuenez, mendira eskopetarekin joan arren ez omen zuen tirorik egiten, txoriei begira egoten zen.

Pintatzea zen bere beste afizioetako bat. Paisaiak, upeltegiak, eta nolaz ez, hegaztiak margotzea zuen gogoko. 2012ko abenduan, esate batera, ‘Gure Txoriak’ izeneko erakusketa zabaldu zuen Gurea zineman, Villabonan; 103 txoriekin egindako margoak jarri zituen ikusgai, hain zuzen.

 

Haur erbesteratua

David Barandiaran 1927an Andoainen jaio zen, eta 2014an, Andoaingo Udal Artxiboak argitaratu zuen “Andoaingo haurrak erbestean” izenburuko dokumentalean 1936ko umetako oroitzapenak kontatu zituen pertsonetako bat izan zen, Joseba eta Juan Batista anaiekin batera; Manoli Díez de Urék, Emilio Truchuelok eta Natividad Martinezek osatu zuten testigantza emaileen taldea dokumentalean.

Barandiaran Iturrioz anaiak, Juan Batista, Joseba eta David, 2014an dokumentala aurkeztu zenean.

 

Barandiaran Iturriotz familia abertzalea zen, eta 1936an kolpe militarra eragin zutenen beldur, ihes egin behar izan zuen, Bizkaira lehenbizi, eta Frantziako estatura ondoren. hamar urteko mutil koskor hark, naturarekiko eta hegaztiekiko arra sartuta zeukan ordurako. Hala zioen, Gernikako bonbardaketa gogoan hartzeko orduan: “Ni txorien habien bila ibiltzen nintzen, eta gogoan dut Gernikako bonbardaketaren egunean, Mundakan ginela. Lagun bat eta biok zuhaitzera igota genbiltzan, eta hegazkinak gure gainetik sentitu genituen. Zuhaitzetik azkar batean jaitsi eta zulo batean ezkutatu ginen. Zer ziren haiek!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!