Udalak Amasara doan errepidea zabaldu eta espaloia jartzeko proiektua aurkeztu du Foru Aldundian

Aiurri 2021ko eka. 18a, 17:22

Udalak urratsak ematen jarraitzen du Villabona eta Amasa lotzen dituen GI-3751 errepidearen egoera hobetzeko.

Udalak Amasara doan errepidea zabaltzeko proiektua entregatu eta urratsak emateko eskaera egin berri dio Aldundiari. Pasa den asteazken honetan, ekainak 16, Beatriz Unzue Alkatea, Xabat Laborde hirigintza zinegotzia eta Luis Mari Otegi gai honen bueltan elkartu diren Amasako bizilagunen ordezkaria, Donostiako Miramon auzoan dagoen Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako sailaren egoitzan izan ziren. 

Horrekin batera, udalak eta Amasako bizilagunek errepide horren inguruan dituen kezkak azaldu zizkieten Aldundiko arduradunei; segurtasunari dagokionez errepide arriskutsua da eta ezbeharren bat gertatzeko aukerak hor daude, bestalde Villabonatik Amasara (eta alderantziz) oinez joateko, gaur egun dauden bideek ez dituzte gutxieneko irisgarritasun baldintzak betetzen aldapa handiak dituztelako etab.

Ondorioz, Beatriz Unzue alkateak errepide hori zabaltzea eta oinezkoentzat espaloi seguru bat eraikitzea lehentasunezko eginbeharra dela adierazi zuen eta Foru Aldundiak gaiari heldu beharko liokela aldarrikatu zuen. Izan ere, errepide horren jabetza Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta ondorioz erakunde hori da errepide horren egoeraren arduraduna.

Eskaera horren aurrean, Foru Aldundiko ordezkari teknikoek zalantzak agertu zituzten, oinezkoentzat bideak egitea beraien arduren artean ez dagoela adieraziz. Hala ere, ez zuten egitasmoa baztertu.Hortaz, aurreantzean gai honen inguruan hitz egiten jarraitzeko eta elkarlanean sakontzeko prestutasuna adierazi zuten bi aldeek. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!