Martxoak 8

Mila eta ehun lagunetik gora manifestazioan

Jon Ander Ubeda 2019ko mar. 15a, 12:32

Aiurri astekariak Agustin Leitza kalean manifestazio osoaren bideoa grabatu eta internet sarean argitaratu zuen. Manifestazio osoa igarotzeko sei minututik gora behar izan ziren. Zenbatzen hasita, mila eta ehun lagunetik gora bildu ziren.

Argazkilariek manifestazioaren irudi ikusgarriak egiteko aukera izan zuten Goikoplazan, Kale Nagusian behera edota Zumea plazako edozein leihotan jarrita. Distantzia batera jarrita, masa bat zen irudikatu zitekeena. Argazki on baten bila, Guipuzcoano parean dagoen eserlekura igo ziren hainbat argazkilari. Bertatik Santa Krutz elizara begira jarriz gero, jendea besterik ez zen ikusten. Segundu gutxira argazki bera atera zitekeen, paisaia berdina irudikatuz. Alde bakarra zegoen argazki baten eta bestearen artean: manifestariak ezberdinak zirela. Horixe izan daiteke manifestazioa jendetsua izan zela adierazteko neurgailua. Hain arrakastatsu eta ikusgarri izan bazen, zenbat jende bildu ote zen? Zenbatzerik ba al dago? Bada, bai. Aiurrik manifestariak zenbatzeko ariketa egin du, eta mila eta ehundik gora direla esan daiteke. Manifestazio osoa bideoz grabatu zuen Aiurrik, Agustin Leitza kaletik igarotzen ari zenean. Internet sarean dago ikusgai, eta manifestari guztiak igarotzen ikusteko sei minututik gora behar dira. Bideoa abiadura motelean ipinita, zenbaketa egin eta mila eta ehun manifestari zenbatu daitezke. Kopuruak goruntz egin zuen, Kale Nagusian eta Zumea plazan zehar manifestari berriak elkartu zirelako.

Adin, arraza eta sinismen ezberdinak manifestazioan

Manifestariei erreparatuta, deitzaileek adin, arraza, genero eta sinismen ezberdineko herrikideak erakartzea lortu zuten: adinekoak, gazteak, haurrak, emakumezkoak, gizonezkoak, zuriak, beltzaranak eta baita beloa zeramatenak ere. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!