Emakumearen oihua, flamenko jaialdi solidarioa

Xabier Lasa 2019ko mar. 20a, 13:08

II. Flamenko jaialdia ospatuko da Basteron bihar, martxoaren 21ean. Flamenko munduan ezagunak diren hainbat dantzari eta musikariek Hondarribiako Jaizkibel konpainia parekidearen aldeko jaialdi solidarioa osatuko dute.

Andoaingo Udalak, Zuena emakumeen topaguneak eta “El Duende de la Sole” flamenko konpainiak antolatu dute jaialdia, eta hainbat azalpen eman zituzten joan den ostiralean elkarrekin egin zuten agerraldian. Esti Mujika kultura zinegotziak adierazi zuenez “Udala azken urtetan saiatzen ari da egitarau zabala eskaintzeko martxoaren 8 egunaren inguruan. Emakumearen nazioarteko eguna ospatzeaz gain, egokia izaten da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta jendarte parekide baten aldeko aldarrikapenak zabaltzeko. Gero eta proposamen gehiago ari zaizkigu luzatzen azken urtetan, eta horietako bat flamenko jaialdia da, Zuena elkartearen eskutik. Egitarauaren helburuekin ederki datorren kultur ikuskizuna da”.

Toñy Landa Zuena elkarteko lehendakariak jaialdiaren filosofia zein den azaldu zuen. “Emakumeen oihua” leloa darama jaialdiak, eta iaz lehenbiziko edizioa egin zen Basteron. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen alde izan zen, eta kausa haren alde bideratu zen jaso zen dirua. Hondarribiako Jaizkibel konpainiarentzat izango dira aurtengo irabaziak, urteak baitaramatza emakumeek jaiak berdintasunean gozatu ahal izateko borrokan. Alde horretatik, egokia ikusi dugu aurtengo jaialdiari “Emakume adoretsuak, emakume elkarkideak” izenburua itsastea”.

Maila handiko flamenko jaialdia

"El Duende de la Sole” izeneko Donostiako flamenko konpainia jaialdiaren antolakuntzan buru belarri aritu da, iaz bezala. Bere zuzendaria den Soledad Ruzek adierazi zuen kalitate handiko jaialdia osatu ahal izan dela. “Lehen mailako dantzariak datoz Basterora. Jaialdiak, batetik, lehen mailako dantzariak aurkeztuko ditu, hala nola, Kelian Jimenez, Antonio “El Cancu”, Kilino Jimenez, Jolis Muñoz edo Rafael Jimenez. Eta bestetik, gertukoak diren artista amateurrak izango ditugu, horrelako eszenategietan bere tokia ere merezi dutenak: Dario Vallecillo, Ruben Jimenez, Jose de Pasaia, Nerea Munilla, Analya Bellidance, Zuena elkarteko sebillana taldea edo El Duende de la Sole konpainia”.

Dantza ez ezik musika ere zuzenean izango dela esan zuen Ruzek. “Dantzak laguntzaile gisa ondoan edukiko ditu pianoa, cajuna, kitarrak... Gurekin izango da, esate batera, Sonakai taldeko Ruben Jimenez perkusio jolea”.

Bestalde, laburmetraia bat pantailaratuko da jaialdian zehar, Alberto Azcona eta Mentxu Arrietaren eskutik. Gainera, Jaiotzetik dibertsitate funtzional batek ia komunikatzeko gaitasunik gabe utzi zuen Arrietak errezitaldia emango du.

 Kulturen fusioa, modernoa eta freskoa

Ez da flamenko jaialdi ortodoxoa izango, baizik eta fusioaren ukitu edukiko du. Ikuskizun modernoa eta freskoa izango da; izan ere, publiko zabalari begira prestatu da jaialdia, flamenkoan adituak direnentzat eta “kante hondo”an belarria daukatenentzat baino gehiago”.

Flamenkoa Andaluziako kulturatik harago doan musika adierazpidea dela ziurtatu zuen Soledad Ruzek. “Andaluziako flamenkoa sebillanak edo Huelvako fandangoa izan daiteke, Euskal Herrian arin-arina eta fandangoa edo aurreskua den bezala. Baina flamenkoa harago doan kultura da, juduarren, arabiarren, ijitoen eta andaluziarren kulturen batuketa da. Koktel baten modukoa da, unibertsalagoa, jazzaren edo blusaren parekoa”.

Sarrerak, salgai

Sarrerak 10 eurotan jarri dira salgai, eta Andoaingo udaletxean Atarian edo eta Zuena elkarteak Extremadura kalean daukan egoitzan eskura litezke. Egunean bertan ere leihatila irekiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!