Eragiyok abesbatza Goiburuko San Esteban ermitan, zuzenean

Aiurri 2019ko mai. 17a, 14:59

Antonio Calleja eskarmentu handiko kantari baritonoa da, Easo abesbatzako kidea. Berriki, abesbatza inguruko zenbait adiskiderekin batera Eragiyok abesbatza sortu du. Goiburuko San Esteban ermitan eskainiko dute lehenbiziko kontzertua, ostiral honetan 20:00tan hasita.

 

Sortu berria da Eragiyok abesbatza.

Hala da, eta Goiburukoa estreinaldia izango da. Errenteriako Gabon kanten lehiaketara aurkezteko osatu genuen taldea. Baina, ofizialki, jendaurreko lehenbiziko kontzertua Goiburun eskainiko dugu.    

Hamaika-hamabi kantarik osatzen duzue.

Bi baju, hiru baritono, bi edo hiru bigarrengo tenore eta hiru lehendabiziko tenore gara. Nork bere funtzioa betetzen du taldean; baten batek kale egiten badu, akabo! 

Formalki gurea kamerako abesbatza da, baina geure burua Otxotetzat daukagu. Elkarrekin makina bat alditan kantatutakoak gara guztiak, batzuk Easo abesbatzako abeslariak baikara, eta besteak bertan aritu direnak. Eneko Amundarain gaztea gure zuzendaria da. Euskal Herriko eta Errusiako folklorea bereziki gogoko dugu. Talde sendoa osatzen dugu. Formatu txikiko kontzertuak eskaintzeko sortu gara, eta Goiburukoa egoki-egokia da guretzat.

Errepertorioa nondik joango den asma dezakegu hortaz…

Bai. Euskaldunak izango dira abesti ia gehienak, eta hiru bat errusiarrak: Otche Nasch, Agur Maria; Otoia /Zatoz; Maite, eguzki eder; Nere etxea; Maite-mina; Elurra; Boga boga; eta, Nere maitiarentzat. Zerrenda irakurrita, batek baino gehiagok galdetuko zion bere buruari ea non diren beste kanta errusiarrak, Otche Nasch delakoz gain. Bada, Maitemina eta Elurra errusiarrak dira jatorriz! Euskaldunok, doinu horiek geure egin eta asmatutako letrak erantsi dizkiogu. Konparazio batera, Egan taldeak Behin batian Loiolan kantarekin egin zuen bezala. Gauza kuriosoa da, zeren eta Elurra kantaren jatorrizko bertsioak Hamabi lapur du izenburua, eta hitzak ezin tragikoagoak ditu: lapur kuadrila baten ibileren kronika egiten dute, lapurretak eta bortxaketak tarteko. Euskal bertsioa, ordea, sehaskako kanta izateko moldatuta dago.

Bi abesbatzetan kantari, denbora nondik ateratzen duzu?

Nondik edo handik! Ahal den modura. Kantagintza gogoko dut eta ezin utzi!

Nondik nora sortu zitzaizun abesteko zaletasuna?

Umetan musika eskolan ibili nintzen, baina oinarrizko ikasketekin geratu nintzen, solfeoko eta kantuko gutxieneko nozioekin. 1991ean, Amaia Zipitria piano joleak tentatu egin ninduen, ezanez Donostian Ereski Abesbatzan kantariak behar zituztela. Probatu nuen, eta hurrengo urterako jada Easo abesbatza kidea nintzen. Hor jarraitzen dut oraindik… 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!