Itsasne-Irati eta Loidi anaiak Iturzaeta Memorialeko txapeldunak

Xabier Lasa 2019ko eka. 18a, 18:40

Igande arratsaldean eman zitzaion amaiera binakako IX. pala txapelketa herrikoiari, 34 bikoteek maiatzaren 10ean abian jarri eta gero. Nesken finalean, Itsasne-Irati 25/Garbiñe-Aloña 13 izan zen azken emaitza, eta mutiletan, Loidi anaiak 25/Koldo-Xabier 16. Pilota giroa polita bizitu zen Sorabillako pilotalekuan, ohi denez.

Afari apustua Arteaga anaiek eta Jauregi I-Zabalak jokatu zuten; lehenengoek eskuratu zuten Aterpe jatetxean afariaz gozatzeko txartela.

Igandekoa kontutan hartuta, Loidi anaiek bosgarren txapela eraman dute jada etxera; bigarrena Itsasnek eta Iratik. Azpimarratzekoa da finala jokatu zuten zortzi jokalarietatik, zazpi (Itsasnez ez gainerakoak) sorabillatarrak direla. Bestetik aipatzeko modukoa ere bada finalera iritsi diren Ponce eta Xabier Mujika gazteena balentria. Nahiz eta aurten finala galdu, Gazteleku elkarteko bi pala jokalariak nabarmentzen ari dira palaren munduan. 22 urtez azpiko Gipuzkoako paletako txapelketa irabazi zuten joan den astean, eta zer esana ematen jarraituko dute etorkizunean, zalantzarik gabe.

Iturzaeta Batzordearen ahalegina aipatzekoa izan da antolaketa guztian, beti bezain zorrotz.

Bestalde, pala motzeko Iturzaeta Memorialeko finala datorren ostiralean jokatuko da, San Juan jaien hasierarekin batera, Arrate pilotalekuan 20:00etan hasita. Ibarguren I-Garma eta Ibarguren II-Pichel bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, profesional mailako pala pilotarien txanda helduko da: Fusto-Ibai eta Necol-Urrutia ariko dira, pilota jaialdiari amaiera emanez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!