Tourreko portuan gora

Xabier Lasa 2019ko uzt. 12a, 09:00

Andoaingo txirrinduzaleen espedizioa Alpeetara abiatu zen ekainaren 16an. Inguru haietako portu mitiko gehienak igo zituzten, laster bertatik igaroko diren Tourreko txirrindulari profesionalei aurrea hartuz.

Leizaur elkarteko bederatzi zikloturistek osatu zuten taldea: Antonio Hernandez, Xabi Gozalo, Angel Pelaez, Manolo Amiama, Jexus Mari Aiertza, Ramon Jorge, Iker Garzia, Pello Azpillaga eta Karlos Letamendik hain zuzen. 

Kuadrilla deigarria osatu zuten, inondik inora; izan ere, belaunaldien arteko espedizioa izan zen. Errepidetik erretiratzeko batere gogorik ez daukaten lau jubilatu ziren tartean, 76, 75, 69 eta 64 urte dituztenak. Beste muturrean, gazteena, 21 urtekoa. Eta gainerako lauak, 45-55 urte bitartean dabiltzanak.

Iker Garziak egunerokoa idazten eta argazkiak biltzen aritu zen, birak iraun zuen bitartean, eta berak eman ditu zenbait azalpen. “Irteera nola nahiko genukeen izatea aurrez adierazi izan bagenu, seguru ez zitzaigula horren biribila irtengo. Erorikorik ez, zulaketa bakarra, eguraldia espeziala…, eta batik bat, denok osatu ditugu paperean idatzita utzi genituen lau etapa zirkularrak, bidean ziren portu mitikoetatik igarota”.

Bederatzi lagunek Andoaindik irten zirenean gauza bat zeukaten garbi: Alpeetako mendi katera bizikleta gainean gozatzera zihoazela. “Nork bere sasoia daukanez bizikletaren gainean, hasieratik portuak bakoitzak bere erritmora igoko zituela erabaki genuen, inongo presiorik gabe. Igoaldia eta gero berriro elkartzen ginen beti, jaitsiera denok batera egiteko asmoz”.

Alpe d´Huez, Galibier, Col du Glandon, Lacets de Montvernier eta Col de Izoard dira gainditu dituzten gailurrik ospetsuenak. Iker Garziari Alpe D-Huezek eragin dio arreta handiena, “Frantziako portu handietan ez bezala, bere igoeran ez dago zehaztuta zenbatgarren kilometroa zoazen, ezta ere altuera. Soilik zenbatgarreneko errebuelta egitera zoazen; igoerak hogeita bat errebuelta ditu guztira”. Garziak aipatu duen beste detailea, argazkilarien presentzia da. “Argazkilariak portu guztietan topatzen dituzu, bidean nahiz gailurrean. Txartela helbide batekin ematen dizute, internet bidez zure argazkia eros ahal izateko”.

Ametsa, betea

Errepideko bizikleta maite duen edonork amesten du egun batzuk hartu eta Alpeetan zehar ibiltzea gora eta behera, eta alde horretatik, Leizaurko bederatzi kideak asebeteta itzuli direla adierazi du Ikerrek. “Leizaur elkartearekin igandetako irteeretan parte hartzen dugunok, beti urtero-urtero aipatu izan dugu, noizbait Alpeetara abiatzearen ideia. Baina beti hurrengo urterako uzten zen; haizeak eramaten zuen ilusioa. Aurten, ordea, di-da erabaki, eta joan-etorriko datak jartzera animatu ginen bi kide. Hortik aurrera, batzen joan ziren beste kideak, bederatziko taldea osatu arte”. 

Guztientzat lehen aldia izan da Alpeetako txangoa. “Ametsa egia bihurtu da guztientzat, txoratu beharrean ibili gara han, eta poz-pozik itzuli gara etxera. Batez ere taldeko zaharrenak kontziente ziren, ziurrenik, hauxe izango zela bizitzak eskainiko zien azken aukera”.

Nolanahi ere, denei berriro hara joateko gogoa piztu zaie. “Itzuleran, furgonetan, denak errepikatzen aritu ginen ea noiz antolatuko ote dugun antzeko espedizioa; izan ere, ez baititugu Alpeetako mendi gailur guztiak igo!”. 

Adinez, elkarren artean diferentzia nabarmenak egon arren, taldean gailendu den armonia ona azpimarratu nahi du Iker Garziak. “Egundoko giroa eduki dugu geure artean, eta gustura osatuko genuke berriro kuadrilla berbera”.

Garziak eskerren atala ireki nahi izan du, honetaz gero. “Lehenengo eta behin, Antonio Hernandezen prestutasuna nahi nuke nabarmendu, bizikleta gainean ibilbide guztiak egiteaz gain, sukaldean ere lanean latz aritu izan delako. Eta hortaz aparte, guztion familiei esker ona adierazi nahi nieke, geure ilusio, amets edo kapritxoa bete genezan sakrifikatu behar izan dutelako”.

Leizaur elkartea,
hamabostero errepidean

Andoaingo Leizaur zikloturisten elkartetik abiatu da Alpeetarako ekimena. “Martxoan hasita, hamabostero irteera egiten ditugu. 30 bat irteera dira guztira, 70-80 kilometroko luzerakoak, eta zenbaitetan 130 kilometrokoak. Nor bere erritmoan doa, batzuekin zein besteekin taldetxoak osatuz. Egia esanda, bizikletan ibiltzeko ohitura daukanentzat prestatzen dira irteerak. 1980an sortu zen Leizaur elkartea, eta, egun, 47 bazkidek osatzen dugu, nahiz eta irteeretan, bataz beste, 15-20 bat lagun bildu. Gazteak ez zaizkigu hurbiltzen eta, beraz, elkartearen bataz besteko adina zahartzen ari da”.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!