Alzheimerraren gaixotasunean sakontzeko ekitaldiak

Xabier Lasa 2019ko ira. 13a, 12:56

Alzheimerraren inguruko ekitaldiak aurkeztu dituzte Andoaingo Udalak eta Bertxin eta Santa Krutz elkarteek, irailaren 21a Alzheimerraren Munduko Eguna dela eta. Filma proiekzioak, Buru Bihotz elkartearen aurkezpenak, hitzaldiak eta abesbatza emanaldiak osatuko dute egitaraua.

Maider Lainez Andoaingo Alkateak, Mari Jose Izagirre zinegotziak eta Bertxin eta Santa Krutz jubilatu eta pentsiodunen elkarteetako ordezkariek egin dute aurkezpena udaletxean, gaur eguardian. Maite Iruretagoiena eta Nemesio Zatarain izan dira bertan Bertxin elkartearen izenean, eta Eloi Artolazabal Santa Krutz elkartearen izenean. 

"Zaintzen bazara, Alzheimerrak atzera pauso bat egiten du" leloa daramate jardunaldiek.

“Arrugas” filma irailaren 17an emango da, asteartearekin, Basteron eta 18:00etatik aurrera, sarrera dohain izanik. Filmaren egileen iritziz, “askotan ez ikusia egiten diogun bizitzako aldi bati buruz hausnartzeko erretratu sotila da filma”. Ekitaldi berean, alzheimerra edo beste dementziaren bat duten Tolosaldeko gaixoen senitartekoen Buru Bihotz elkartearen aurkezpena izango da.

Irailaren 24an, asteartearekin, berriz, Pablo Martinez-Lage neurologoak hitzaldia eskainiko du Basteron, 18:00etatik aurrera. Honako izenburua darama hitzaldiak: “Diagnosi goiztiarra posible da, prebentzioa da erronka”. Ekitaldiaren amaieran, bertaratutakoek Alberto Agirre abesbatzaren emanaldiarekin gozatu ahal izango dute.

Bestalde, Lainez alkarteak iragarri duenez, irailaren 21ean Andoaingo Udalak Alzheimerraren inguruko adierazpen instituzionala aurkeztuko da.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!