"Ibili Andoain" ekimena badabil berriro

Xabier Lasa 2019ko ira. 23a, 17:00

Ekintza fisikoa eginez adineko pertsonen arteko harremanak sustatzea eta erraztea helburu duen “Ibili Andoain” ekimena abian da berriro. Asteasken honetatik aurrera, astero-astero burutuko da.

Andoaingo Udalak herriko hainbat elkarteekin elkarlanean Andoainen zehar ibilbide motzak, ertainak eta luzeagoak antolatuko ditu asteazkenero, helduek taldeetan oinez egiteko moduan, azkarrago edo motelago, nahi bezala.

Gaur udaletxean aurkeztu dute denboraldiko egitaraua, hilaren 25ean, asteazkenarekin hasi eta 2020ko maiatzaren 27an amaituko dena. Hitzordua, Goikoplazan eta 10:45ean izango da beti. Ordu beteko iraupena izango dute ibilaldiek, eta amaieran, parte-hartzaileek Bertxin Jubilatuen elkartearen egoitzan hamaiketakoarekin gozatzeko aukera edukiko dute.

Aurkezpenean, Maider Lainez alkatea, Oscar Mendo kiroletako zinegotzia, eta Ixiar Olano Allurralde Kiroldegiko teknikaria eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariaz gain, "Ibili Andoain" ekimenaren antolaketan parte hartzen duten herriko hainbat elkartetako ordezkariak izan dira. Tartean, Andoaingo Caritaseko Onorio Martin, Pedro Martinez, Elias Diaz eta Virginia Hernandez, Hurria-Saharako Miren Erkizia, Santa Krutz Jubilatuen elkarteko Eloki Artolzabal, Pedro Guerrero eta Jose Luis Crego, eta, azkenik, Bertxin Jubilatuen elkarteko Maite Iruretagoiena, Nemesio Zatarain eta Pedro Gracia.

Elkarte horiez gain, Leizaran institutuak, Euskalduna Mendigoizale taldeak eta Zuenak ere parte hartuko dute boluntario gisa, zenbait asteetan.

Andoaingo Udaleko ordezkariek gaineratu dutenez, “Ibili Andoain” programak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren laguntza ere jasotzen du.

“Ibili Andoain” ekimena, berez, joan den larunbatean jarri zen abian. Izan ere, bat egin zuen “Mugitu Andoain” festarekin, 70 parte-hartzailek Goikoplazan hasi eta Zumea plazan amaitu ziren hiru ibilbideetan parte hartuz.

Erlazionatuak

Ibili Andoain aurkezpena

Jon Ander Ubeda 2019 ira 23 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!