Euskaraz praktikatu eta lagun berriak egiteko aukera

Aiurri 2019ko ira. 25a, 14:51

Andoainen zabalik dago mintzapraktika programetan izena emateko epea. Eskaintza ezberdinen artean, Mintzalaguna egitasmoa bera da ezagunena, Andoaingo Udalak eta AEK euskaltegiak elkarlanean burutzen dutena. Arduradunek, gainera, urriaren 23an, Andoaingo udaletxeko pleno aretoan hasierako ekitaldi dibertigarria iragarri dute.

Mintzalaguna, euskaraz hitz egiteko espazioak dira, astean behin elkartu eta ordubetez euskaraz aritzeko saioak, nahierara moldatu daitezkeenak, aisialdiari eta eguneroko martxari egokitutakoak, erabat doakoak.

Hizketaldi bat baino gehiago da, euskaraz dakienak edo moldatzen denak leiho bat irekitzen baitio euskara ikasi/praktikatu nahi duenari, mundu bat zabaltzen dio... eta alderantziz ere bai.  Harreman berriak egiteko bidea ere bada, teoriatik eta erabilera akademikotik libre, praktikara bideratua. Hitz gutxitan: erabileran eragiteko modu zuzena eta praktikoa.

Horregatik herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu euskaraz bizitzera, norbere lotsak alde batera utzi eta egitasmo hauetan parte hartzera. Urte osoan zehar aukera dago izena emateko. Parte hartzeko baldintza bakarra, oinarrizko euskara maila izatea da, alegia, komunikatzeko gaitasuna izatea. Interesa duenak Andoaingo euskara zerbitzura edo Andoaingo AEK euskaltegira jo dezake.

Horrez gain, urriaren 23an hasiera ekitaldia egingo da Andoaingo udaleko pleno aretoan. Ekitaldi dibertigarria izango da, ezusteko eta guzti.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!