San Frantziskon barrena, euskara eta euskal kultura zabalduz

Ainhoa Arozena 2019ko urr. 11a, 14:03
Aizpea Isasi Agirre, Andoainen.

Aizpea Isasi Agirre andoaindarra San Frantziskon (Kalifornia) bizi da azken bost urteotan. Berriz ere AEBetarako hegazkina hartu bezperan elkartu ginen berekin, kontu-kontari aritzeko. Irribarrea ahoan aritu zen hizketan.
Hementxe duzue azken Aiurri hamaboskarian argitaratu den erreportajearen hasiera. 546 zenbakian aurkituko duzue osorik.

Itzulpengintza ikasketak egin eta Irakaskuntzarako Gaitasun Ziurtagiria eskuratu ondoren, ingelesa praktikatzera San Frantziskora joatea erabaki zuen Aizpea Isasik urtebeterako. Aurrez ere izana zen Ameriketan, unibertsitatetik elkartrukea egin zuenean esaterako, baina oraingoan urte osoa igaro nahi zuen bertan. Au pair moduan joan zen, familia batengana umezain. Urtebete motz geratu zitzaion, ordea; eta bi urtez aritu zen langintza horretan. Bueltatzea pentsatu zuenean, berriz, bikotekidea ezagutu eta luzatu egin zuen egonaldia. "Bost urte igaro dira geroztik!", azaldu du. Itzultzaile gisa egiten du lan egun, nahiz eta interprete bezala ere aritu izan den. "Movistar enpresarentzat aritzen naiz lanean. Film eta telesailetarako azpitituluak itzultzen ditut euskarara. Lan askorekin nabil, baina oso gustura".

Euskara irakasle
Itzultzaile ez ezik, euskara irakasle ere aritzen da San Frantziskoko Euskal Etxean. Hirugarren ikasturtea izango du aurtengoa. "Aitor Iñarra donostiarrak hamar bat urte daramatza bertan euskara irakasten. NABO elkarteko euskara koordinatzailea da, Estatu Batuetako euskara irakasle guztion koordinatzailea. Duela hiru urte jarri zen nirekin harremanetan, eskolak ematen lagunduko ote nion galdezka, eta halaxe hasi nintzen. Oso gustura ari naiz. Hasiberriekin aritzen naiz ni, maila aurreratua dutenekin bera", adierazi du. Astean behin biltzen dira, ostegunetan, baina bertako euskaldunekin nahiz maila aurreratua duten ikasleekin, mintza-praktika egiteko beste saio bat martxan jartzeko asmoa dute.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!