Jatorri anitzeko andoaindarren lekukotza

Aiurri 2019ko urr. 14a, 07:23

Parte hartzaileak honakoak izan ziren: Juan Luque eta Inma Cires (Andaluzia), Maria Panici (Rumania), Ani Iscoa (Honduras), Maria Rosalina (Mexiko) eta Pedro Mateos (Extremadura). Ekitaldiaren hasieran, Maider Lainez alkateak antolatzaileei eta solaskide aritu zirenei eskertza adierazi zien.

Emigrazioari buruzko mahai-ingurua antolatu zuten, Basteron urriaren 2an. Munduko kultura desberdinetatik Andoainera etorritako sei pertsonek euren bizipenak kontatu zituzten, Jon Maia bertsolariak gidatutako saioan

Ekitaldia Triana eta Hogar Extremeño elkarteen eta Ongi Etorri Eskolara ekimenaren artean antolatu zuten. Andoaingo Udalaren, Extremadurako Juntaren eta Etxe Erregionalen Elkartearen babesa izan zuten.

Maiak seikoteari hainbat gai jarri zizkion mahai gainean: zerk bultzatuta heldu ziren Euskal Herrira, nolako harrera egin zieten, estereotipoak egiazkoak diren ala ez, nola doakien integrazioa, zer sumatzen duten faltan, jatorriarekin amesten ote duten eta etxera itzultzeko asmorik ba ote duten…,  Bizipen anitz entzun zituzten Basterora hurbildu ziren entzuleek, guztiak jakingarriak eta aberatsak. Sei hizlariek kontatutakoei buruzko laburpena dator segidan, une batean edo bestean egindako adierazpenazk uztartuz.

JUAN LUQUE (ANDALUZIA):

• “2009an etorri nintzen, eta sirimiriarekin egin nuen topo, topikoak dion bezala. Hasieratik jabetu nintzen zein den euskaldunaren izaera. Aterkiaren distantzia edo sindromea ezagutu nuela, alegia: zuk ez badidazu hitz egiten, nik ere ez zuri”.

• “Nik ez nekarren aurre juzgurik, baina nirekiko bakarren bat sentitu nuen: Bizkaiko Astilleroetan lanean hasi nintzenean, berehala entzun behar izan nuen andaluziar batek han ez zuela askorik iraungo”.

• “Hitz batzuk (agurra, kafea eskatu…) euskaraz egiten saiatu behar gara, hemengo hizkuntza delako eta euskaldunak hori estimatzen dutelako”.

• “Itzultzen zarenean zure jaioterrira, bertan egun batzuk gustura egiten dituzu, baina laster, hartu zaituen herrira itzultzeko gogoa etortzen zaizu. Hemen dituzu lagunak, hemengo bizimodura ohitu zara eta horrela jarraitu nahi duzu…”.

• “Dramatismoa kendu beharko genioke emigrazioaren fenomenoari. Nonahi mugitzen jakin beharko genuke; izan ere, pertsona normalek badaukagu gaitasuna edozein tokietara egokitzeko”.

PEDRO MATEOS (EXTREMADURA):

• “1962an Donostia aldera etorri nintzen. Extremaduran nekazaria nintzen; lana izugarri egiten zen han, eta irabazi gutxi! Hirugarren egunerako, lana topatu nuen Donostian, eta bertan lau urte egin nituen; zazpi pertsona gela batean bizi ginen. Oso oroitzapen politak pizten dizkidate urte haiek, Donostiako auzo guztietan dantzaldiak ospatzen baitziren; hori bai, zaindariak jartzen zituzten, neskak eta mutilak gehiegi arrima ez gintezen elkar”.

• “Arrazoi dute egungo emigranteek adierazten dutenean lan-ordu gehiegi egitea egokitzen zaiela; baina 60ko hamarkadako emigranteak ere antzera ibili ginen, egunean 10 ordu eginez astelehenetik larunbata bitarte”.

• “Hemen, aurreneko urte haietan integratzeko arazoak eduki zituenak, bere erruz izango zen”.

• “Soldaduska Arakan (Gasteiz) egin nuen; han, batzuetan mantxurriano deitzen zidaten, baina guztiekin ondo moldatzen nintzen”.

• “Ni Andoainen erabat integratu nintzen, ikastetxeetako kirol arloan murgildu nintzen eta urte mordoa egin dut zeregin horretan”.

•“Iraganean baneukan jaioterrira hurbiltzeko joera, baina jada ezerk ez nau lotzen. Hiltzen naizenean, Leitzarango bailarara eraman nazaten nahiko nuke”.

• “Demokrazia heldu zenean, hemengoak izan hangoak izan, denek elkarrekin lan egiteko izpiritu hori bazegoen. Gaur egun, nor bere aldetik doa, indibidualismo handiagoa dago; gogorik ez dago guztien eskubideen alde elkar hartuta borroka egiteko”.

MARIA PANICI (ERRUMANIA):

• “Errumanian oso soldata txikiak zirela eta, bi alditan saiakera egin nituen Espainiara iristeko, 2008an eta 2016an, eta herrialde horrekin maiteminduta geratu nintzen berehala”.

• “Errumanian espainieraz mintzatzen diren telenobelek arrakasta handia daukate, eta halaxe trebatu nintzen hizkuntza horrekin. Hala ere, hemen Andoainen sumatzen dudan desberdintasunik handienak euskararekin du zerikusia. Nire bi seme-alabak euskaraz mintzatzen dira, eta nik hitz batzuk ikasi ditut, pitza saltokian lanean ari naizenean telefonoz hots egiten duten bezeroei zerbait ulertzeko moduan”.

• “Komeni da harrera egin dizun herri horrek daukan kulturarekin, hizkuntzarekin, bizimoduarekin… bustitzea, integratzeko gogoa baduzu behintzat”.

• “Errumaniara joaten naizenean, han emigrante sentitzen naiz. Ez zaituzte hangotar baten gisa hartzen; lan egiten duzula eta dirua duzula uste baitute, eta horrek eragin handia dauka nigan. Oso gustura bizi naiz hemen, eta ez dut uste itzuliko naizenik”.

MARIA ROSALINA (MEXIKO):

• “Agian senarra eta bion historia ez da ohikoa gaur egungo emigranteen unibertsoan. Izan ere, lan kontratu batek ekarri gintuen hona. Lanpostua proposatu zigun gure enpresak, eta abentura gisa hartu genuen honako bidea, 2014an”.

• “Guk beste emigrante askok baino zorte hobe izan dugu. Kostata, baina hainbat tramite egin eta gero, erresidentziako txartela iraunkorra lortu dugu. Orain semearekin daukagu borroka, hemen jaio arren ez baitiote nazionalitaterik eman nahi”.

• “Tijuanatik gatoz gu. Txirotasuna eta aberastasuna gainezka daukan lurraldea, baita biolentzia eta bahiketak. Haren aldean, hau paradisua da! Gure ama hona etortzen denean, haurraren atzetik ibiltzen da jolastokietan, bahituko ote duten beldur. Lasai egoteko eta bankuan esertzeko esaten diot, ikusten dituen pertsona guztiak gure bizilagunak direla, konfiantzakoak”.

• “Bizitza etxetik urrun, noski egiten dela gogorra. Familia kanpoan duzunean batez ere. Nolanahi ere, internetak asko erraztu du milaka kilometrotara bizi diren senitarteko eta lagunekin harremanak mantentzeko orduan”.

• “Itzultzeko batere asmorik ez daukagu. Arrazoi askorengatik, segurtasun pertsonala, ekonomikoa, haurren hezkuntza… Akaso itzuli gaitezke egunen batean, baina haurrak ondo hazi eta gero, ez lehenago”.

ANI ISCOA (HONDURAS):

• “Galiziara umeekin heldu nintzen; oso egonaldi zaila egin zitzaidan, tratu txarrak zirela medio. Halako batean, Donostian zaintzaile-interna aritzeko aukera sortu zitzaidan, eta hona etorri nintzen”.

• “Umeak apenas ikusten ditudan, eta horrek asko atsekabetzen nau. Nolanahi ere, ezin dut etsi, borrokan jarraitu behar dut; nire umeen etorkizunak aurrera egiteko motibatzen nau. Badakidalako sakrifizioak ordainean saria eskaintzen dizula”.

• “Hamar urteko nire alabak esaten dit ikastetxean ez dutela maite; lagunak eduki nahi lituzkeela baina baztertu egiten dutela. Arlo horretan are badaukagu zertan hobetua”.

• “Lo nagoenean, Hondurasen nagoela amesten dut. Baina hemengo bizimodua latza izan arren, Tegucigalpara itzultzeko asmorik ez daukat, ez dut izuak jota bizi nahi berriro. Ez da giro Hondurasen! Europatik itzultzen den edonor sumatu bezain pronto, harengana jotzen dute, bahitu eta dirua lapurtzeko asmoz”.

INMA CIRES (ANDALUZIA):

• “Euskal Herrira 1994an heldu nintzen. Nire bikoteak bertan kuadrilla eta bizimodua egina zeukan, eta niri egokitu zitzaidan lagunen eta ezagunen ingurua lantzea”.

• “Kosta egin zitzaidan erizaintzan lanpostua topatzea, baina harrezkero gauzak hobeto joan zaizkit. Goierrin erizain gisa aritu nintzenean, lanak eduki nituen kontsultara agertzen ziren heldu askori ulertzeko zer esaten zuten. Ilobekin ere oztopo berbera edukitzen nuen. Bada, orduantxe erabaki nuen euskaran murgiltzeko premia neukala; eta Maizpide euskaltegian hasi nintzen. Esker onekoa da euskal hiztuna, eskertzen dizu egiten ari zaren ahalegina”.

• “Estereotipoen arloan, badauzkat kontu batzuk aipatzeko moduan. Lehenbizikoa, eguraldiarena da, eguraldi txarra alegia; horretara bai ohitu behar izan dudala, beharko ohitu! Sevillarraren azentuak ere jokoa ematen dio euskal jendeari! Euskaraz dakien andaluza naiz askorentzat, eta titulu hori ez dakit betirako geratuko zaidan ala ez… Bestalde, hasierako urtetan batik bat, mundu guztiak, nongoa naizen ohartzen zenean, nire bizitza kontatzeko eskatzen zidan; are gehiago, batzuk nire azentua imitatzen saiatzen ziren. Amorrua ematen zidan horrek. Sikiera ondo egingo balute!”.

• “Etxetik urrun bizitzeak, distantzia geografikoa hartzeak, askotan laguntzen dizu atzean utzi dituzun gauzak, harremanak, lekuak… beste begiez ikusi ditzazun, neurrian balora ditzazun. Esate batera, Sevilla zeinen ederra den orain ari naiz ohartzen”.

 

Antolatzaileen eskertza Jon Maia bertsolariari

"Jon Maiari, herrien ospakizuna antolatzeko eskainitako laguntzagatik" esaldia zeraman plaka oparitu nahi izan zioten Hogar Extremeño eta Triana elkarteko kideek. Zuzenean eman beharrean, Esti Mujika zinegotziari plaka emateko aukera eskaini zioten. Hein handi batean Mujikak berak aurreko urteetan egindako lanari ere aitortza egin nahi izan zioten. Solasaldia amaitzean, beraz, Esti Mujikak jaso zuen enkargua bete eta Jon Maiari oroigarrizko plaka eman zion Andoaingo bi elkarten partetik. Ezaguna da bertsolariak aniztasunarekin duen konpromisoa. Bere familia ere, bere garaian, etorkina izan baitzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!