Aita Larramendi Ikastolako eraikin berrituaren inaugurazio ekitaldiak ikusmira handia sortu du

Aiurri 2019ko aza. 9a, 18:01

Gerturatu direnek ikastolako berrikuntzak ikusi dituzte; horrez gain, musika eta dantza saioaz gozatzeko aukera ere eduki dute. Gainera, 1963. urtean Doña Juanitaren etxean ateratako argazki hura errepikatu dute ikastolako lehen promozioko ikasle ohiek.

Aita Larramendi Ikastolako eraikin berritua ezagutarazteko ekitaldia egin da 11:30etatik aurrera. Ikastola txikira gerturatu direnek aukera izan dute berrikuntzak ikusteko. 

Sortu den ikusmira handia izan da. Pertsona asko gerturatu dira ikastolara, oroitzapenak gogora ekarriz eta egin diren aldaketak ikusteko asmoz. 11:30etan iritsi direnek ikastolako berrikuntzak ikusi dituzte; gelak bateratu dituzte eta haur zein irakasleentzako espazio gehiagoko ikastoki bat sortu dute. Patiorari dagokionez, gehiengoa arestian bezala utzi nahi izan dute, hau da, gune berdeak eta jolaserako patio irekiak mantendu dituzte; era berean, gune estali gehiago sortu dituzte. Sarrera, berriz, aldatu egin dute. Andoni Etxezarreta Ikastolako lehendakariak adierazi duenez, eraikinera sarrera edonori erraztu behar zaio eta edozer jazoz gero, ibilgailuak barrura sartzeko aukera ere bermatu behar dugu.

Horrez gain, eraikuntza berria inauguratzeko dantza saioa egin dute Eñaut Egaña eta June Irazu dantzariek Xabier Ucin klarinetearen laguntzarekin. Musika emanaldi laburraz gozatzeko aukera ere izan dute gerturatu direnek Goiatz Salbador abeslariaren eskutik. Dantza eta musika saioen artean Aitor Iriondo zuzendariak, Andoni Etxezarreta lehendakariak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak hartu dute hitza; hirurek nabarmendu dute guraso, irakasle zein proiektuan parte hartu dutenek egindako lana eta emaitzarekin oso gustura daudela aitortu dute.

Iraganera begiradatxoa ere bota dute. 1963. urtean Doña Juanitaren etxean ateratako argazki hura errepikatu dute ikastolako lehen promozioko ikasle ohiek. Eurentzako iraganaren eta orainaren arteko zubia bezalakoa izan da. Argazkiaren ostean, hamaiketakoa egiteko aukera izan dute ikastolara hurbildu direnek.

Erlazionatuak

Irekiera ekitaldia

Aiurri 2019 aza 10 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!