Leitzaran bailarako azken mohikanoa

Xabier Lasa 2019ko abe. 12a, 18:24

Juan Inaxio Irulegi Garmendia astelehenean hil zen, 64 urte zituela. Leitzarango bailaran bizi zen azken gizakia zen, bizi-filosofia berezikoa. Asteazkenean, Errekaldeko beilatokian azken agurra eskaini zioten senitarteko eta lagunek.

Andoaindik Leitzarako Plazaolako naturbidearen 12. kilometro aldean, Olloki eta Ameraun artean kokatzen den Beiñes baserrian (Elduain) bizi izan zen 70eko hamarkadaz geroztik. Naturaz eta animaliez inguratutako bizimodua hautatu zuen, kontsumo gizarteari uko eginez, eta tinko eta luzez eutsi izan dio bizi-filosofia horri, harik eta gaixotasun larri bat ate joka heldu zaion arte.

Aspalditxo desagertu ziren Leitzarango bailara sakona humanizatzen zuten ikazkinak, burnigileak, harginak, trenbidek langileak... eta kasik artzainak. Harrez geroztik, esan daiteke Irulegi zela bertan geratzen zen azken gizakia, azken mohikanoa.

Gaztetan, 15 urte bete arte, Arantzazuko fraideekin egin zituen ikasketak. Berak kontatu ohi zuenez, heziketa bortxan eta autoritarismoan oinarritutako diziplina bizitu zuen barnetegian. Han bi aukera omen zeuden: matxinatu ala otzan jokatu. Berak lehen aukeraren alde egin zuen. Txikitatik zekarren hitz jarioaz baliatu zen barnetegiko arauen aurkako jarrera agertzeko, eta horren ondorioz, kanporatu egin zuten, errebelde samarra izatea leporatuta.

Magistaritzako ikasketen bidetik segi zuen, eta Donostian eta Errenteriako institutuetan aritu zen hurrengo urteetan. Euskal Herrian, mugimendu antifrankista indarberrituta agertu zen 60 eta 70eko hamarkadatan 36ko gerra zuzenki bizitu ez zuen belaunaldi berri baten eskutik, eta testuinguru historiko horretan, Irulegiren etorria maiz nabarmendu zen, ikasleen mobilizazio eta greba egunetan batik bat.

Estatu biolentziaren biktima

Frankismoaren azken urtetan eta trantsizioan oso zigortua izan zen Irulegi. Hiru aldiz atxilotu zuten, legez kanpoko ezkerreko alderdi bateko militantea izateagatik, eta hirutan torturatua izan zen 1971-1976 epealdian.

1975ean, gainera, Andoaingo kuarteleko guardia zibilek kalean hormaren kontra jarri, eta belaunean tiroa egin zioten.

Andoaingo Udalak eta “Oroituz, Andoainen” elkarteak joan den ekainean Tolosa eta Buenos Aireseko (Argentina) epaitegietan frankismoaren inpunitatearen aurkako kereila aurkeztu zutenean, bertan zen Irulegiren kasua Andoaingo beste ehunka kasurekin batera.

Kereilarako testigantzak eta dokumentazioa biltzeko helburuz, Oroituz elkarteak biktimen arretarako bulegoa ireki zuen 2018ko abenduan, eta Irulegi izan zen bertaratu zenetako bat. Orduan hark adierazi zuenez, 17 urte zituela atxilotu zuten lehenbiziko aldiz, 1971ean. Ikastetxeetan ordena nahastea leporatu zioten, eta hiru egunez inkomunikatuta eduki zuten, Donostiako Gobernu Zibilean. Tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituen orduan, gorputz osoan kolpeak batik bat. Irulegik aitortu zuenez, guardia zibilek, kolpatzeko, Andoaingo etxeko erregistroan hartu zioten Che Guevararen erretratua erabili zuten. Poliziarekin kolaboratzea proposatu zioten, jipoia etetearen truke, baina berak ez zuen halakorik onartu.

Martutenen aste batzuk igaro zituen preso, eta 1974an, Madrilen Ordena Publikoko Epaitegian (TOP) epaitu zuten. Txiki Benegas izan zuen abokatua. Adinez txikikoa zela eta, baldintzapeko askatasunean utzi zuten aske.

Harrezkero Andoainen markatua egon zen bertako guardia zibilen begietara eta etengabeko jazarpena jasan zuen, Irulegik esan zuenez. 1975eko irailean frankismoak ETAko bi kide eta FRAPeko hiru fusilatu zituela eta, hainbat mobilizazio burutu ziren. Andoainen, Guardia zibilek hamarnaka lagun atxilotu eta kuartelean eduki zituzten, legez kontrako manifestazioetan parte hartzea leporatuta. Juan Inaxio Irulegi horietako bat izan zen. Bertan, ia guztiek jasan zituzten tortura fisiko eta psikologikoak. Ondorengo egunetan, Irulegi eta beste hainbat atxilotu Martutenera bidali zituzten hilabeteko zigorra betetzera, ehun mila pezetako isuna ordaindu nahi ez izateagatik.

Espetxetik irten eta agudo, azaroaren 11n, Agustin Leitza kalean, paisanoz zihoazen Andoaingo hiru guardia zibilek Irulegi hormaren kontra jarri, eta batek belaunean tiro egin zion.

Salaketa jarri zuen Irulegik, eta prozesu judizial luze batean, Joaquin Navarro epaileak arrazoia eman zion. 1982ko ekainean, epaileak Espainiako estatua eta Manuel Sanchez Valles guardia zibila ordainsaria ematera derrigortu zituen.

Sententziak estatuari zein Guardia zibilari leporatu zien epailearen errekerimenduei muzin egin izana; estatuak trabak jarri omen zituen guardia zibilak deklaratu ez zezan. Estatuak eragindako biktimei aitortza eskaintzerako orduan salbuespentzat jo zuten epai hura, eta halaxe aitortu zuen epaileak berak liburu batean (Fulgor de libertad. El estado contra Euskal Herria. Txalaparta, 2001).

Irulegik 1976ko urriaren 11n jasan zuen hirugarren atxiloaldia. Egun batzuk lehenago ETAk Juan Mari Araluze Gipuzkoako Aldundiko presidentea eta Jose Maria Elizegi txoferra eta Alfredo Garcia, Luis Francisco Sanz eta Antonio Palomo poliziak Donostian erail zituen. Guardia zibilek sarekada masiboa burutu zuten Gipuzkoan barrena. Tartean, hiru andoaindar zeuden: Xabier Arberas, Antonio Miron eta Juan Inaxio Irulegi. Antiguako kuarteleko egonaldian era guztietako torturak jasan zituzten; heriotza mehatxuez gain, besteak beste, kirofanoa eta bañera delako tortura teknikak. Libre geratu ziren laugarrengo egunean, inolako kargurik gabe.

Juan Inaxio Irulegi Garmendia 1954an jaio zen Andoainen, eta bi alabaren aita zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!