San Sebastian eguneko protagonista

Xabier Lasa 2020ko urt. 23a, 14:59

Joxe Mari Oiartzabal Andoaingo musikariak Donostiako Udalaren aitortza publikoa jaso zuen, San Sebastian egunean. Bere ekarpena balioan jarri nahi izan zuten: "Urte asko baitaramatza Donostiaren aldeko lan isil, dotore eta doanekoa egiten".

Oiartzabalen eskuetatik igaro izan dira tradiziozko Donostiako jai nagusietan kalea girotzeko doinuen moldaketa gehienak.  Batzuk aipatzearren, San Sebastian Eguna, Kaldereroak, Inauteriak... Sarriegik eta beste zenbait konposatzaileek sortutako makina bat pieza moldatu izan ditu instrumentu ezberdinekin jotzeko; doinu horiek guztiak bost diskotan bilduta daude aspalditxotik. Bada, eginkizun horretan erakutsi izan duen maisutasuna eta eskuzabaltasuna eskertu nahi izan diote. Horrexegatik Eneko Goia Donostiako alkateak ohorezko batuta eman zion, jaia aurkezteko urtarrilaren 15ean egin zuten ekitaldian.

Urtarrilaren 19tik 20rako gauean, berriz, gauerdiko hamabiak zirenean, Konstituzio plazako Udal liburutegiko balkoitik egin ohi den ekitaldi jendetsuan, Eneko Goia alkateak eta Joxe Mari Oiartzabalek banderak igotzeko ardurak hartu zituzten; Alkateak Donostiako bandera igo zuen, eta Oiartzabalek ikurriña.

Banderen errituak eman zion hasiera jaiari, eta hartaz gero, Joxe Mari Oiartzabal Konstitutzio plazara jeitsi, eta Errenteriako Musika Banda zuzendu zuen, oholtzan zegoen Gaztelubideren danborradari doinuak ipiniz. Donostiarrek bihotzean daramatzaten San Sebastian martxa eta beste zenbait doinu interpretatu zituen Bandak, ohorezko batuta eskuan zuen zuzendariaren agindutara jarrita.

Konstituzio plazako hasierako ekitaldi hori egin ostean, Donostiako 19.000 herritarrek, 155 danborradatan antolatuta, danbor eta kupel hotsak zabaltzen joan ziren hiriko kale eta auzoetan, hogeita lau ordu irauten duen festa giroa sortuz.

"Donostia hiriarekin eta hiritarrekin eskertuta nago"

Oiartzabalek jaiaren biharamunean adierazi zuenez “jendaurreko ardura handiak jarri zizkidaten bandera igotzearen ekitaldiko gauan, eta egia esan, gauzak trakets ez egitearekin nahikoa eduki nuen. Liburutegiko sala jendez gainezka jarri zen politikariekin, kazetariekin eta gonbidatuekin, eta han ez zen giro! Gero ere, plazara jaitsi, eta han ere zer esanik ez festaz gozatzeko bildu ziren danbor jole, dantzari, musikari eta herritarrekin. Egoera horretan zaila da lasai egotea, eta zailagoa gozatzea! Eginbeharrekoa txukun egin, eta kito! Hori bai, hurrengo egunetan hasten zaizkizu gogora etortzen bizi izandako emozio eta sentimenduak, eta orduan hasten zara bizi izandakoaren neurria hartzen. Oso eskertuta nago Donostiako hiriak eta herritarrek egin didaten eskertzarekin. Gogoangarria izan da dena”.

Urtoki elkartearen eskertza

Oiartzabalentzat aitormen atala ez zen igande gau horretan amaitu. Izan ere, astelehen arratsaldean, Amara auzoko Urtoki elkarteak ere omenalditxoa eskaini zion, bere danborradari ekin aurretik. Berriki, Joxeramon Berrondok eta biek elkarte horren ereserkia sortu dute, eta biei esker ona adierazi nahi izan zieten. Berrondok ezin izan zuen agertu ekitaldira, ordu horretan Tximeletak txarangarekin musika jotzen ari baitzen Donostiako beste auzoren batean; 30 urte daramatza txaranga horrekin San Sebastian egunean. Horrela, Maria Luisa Zuriarrain Oiartzabalen emazteak jaso zuen hari zegokion oroigarria.

Argazki nagusian, Maria Luisarekin eta Andoaingo jatorriko hainbat kiderekin ageri da, Urtoki elkartearen kanpoaldean: Gaspar Irulegi, Maider Irulegi, Joxe Mari Oiartzabal, Maria Luisa Zuriarrain, Ana Senpere, Estanis Elorza eta Odi eta Kira Elorza Irulegi.

Oiartzabalek, aurten 150 urte bete dituen Union Artesana elkartearekin eta Errealeko emakumezkoen hockey eta futbol taldeetako jokalariekin batera partekatu du esker oneko aitormen eta omenaldien atala.

Bestalde, esan beharra dago Oiartzabalekin batera urtean zehar musika ekitaldietan estu-estuan aritzen den Gora Kaletxiki txaranga ere galtza bete lan ibili zela. San Sebastian egunean zehar hiru danborrada laguntzen ibili ziren: Amarako Santiagomendirena, Deustuko Unibertsitatearena eta Altzako elkartearena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!