Hiru hamarkada beteta, etorkizunari begira dago Plastigaur lantegia

Ainhoa Gil 2020ko urt. 26a, 09:30
Ilustrazioa: Olaia Zapirain

Familiarteko enpresa txiki gisa jaio zen Plastigaur, 1989an. Hazkunde handia izan du azken urteotan eta profesionalizazio prozesu zabala bizitu izan du. Plastikoaren erabilera egokia eta birziklapenaren garrantziaren inguruko mezua zabaltzea du etorkizuneko erronka nagusi.

*Erreportajea osorik: Aiurri hamaboskariaren 553 zenbakian.

 

Familiartean, bi bikoteren artean zabaldu zuten Andoaingo Plastigaur enpresa, 1989 urtean. Antxon eta Juan Martin Garmendiak eta haien emazteak, Maria Antonia eta Maite Goñik bide luzea zuten egina, plastikoaren munduan murgiltzen hasi aurretik.

Paper mundutik zetorren Antxon, eta 1978 urtean, sektore horretan ari zen lanean. Juan Martin anaia, berriz, soldaduska amaitu berritan, lan bila zebilen. Momentu hartantxe Donostiako enpresa txiki bat erosteko aukera suertatu zitzaien. Paperezko poltsak eta ezpain-zapiak egiten zituzten bertan eta bi anaiek, euren bikoteekin batera, ekimen handiz eutsi zioten langintza hari. Guztiz familiartekoa zen enpresa hura. Antxonen alabak, Nereak, gogoratu duenez, "maiz joaten ginen, asteburuetan, ezpain-zapiak kutxetan sartzen laguntzera. Hantxe aritzen ginen, ume, guraso eta aiton-amonak".

1980ko hamarkadan erosi zuten Andoaingo enpresa. Hasieran, papera eta plastikoa lantzen aritu ziren, harik eta plastikoaren gorakada ikaragarria etorri zen arte. Plastikoa bakarrik ekoizteari ekin zioten orduan. 1989an sortu zuten Plastigaur, eta 30 urte geroago, indar bizian dago.

Bigarren belaunaldia

2005az geroztik, familiaren bigarren belaunaldiak kudeatzen du Plastigaur. Nerea Garmendia finantza-zuzendaria da eta haren senarra, Luis Artola, gerentea. "Antxon, nire aita, oraindik ere etortzen da enpresara, asko gustatzen zaiolako mundu hau", azaldu du Nereak.

Pentsatzekoa denez, garai ezberdinak bizi izan ditu Plastigaur enpresak. Nerea Garmendiak azpimarratu duenez, "hasieran, enpresa txikia zenez, produktu bolumen handia ateratzea interesatzen zitzaigun bereziki, horixe baitzen lehengaietan prezio hobeak lortzeko modu bakarra. Enpresaren ahalegin osoa horretan jartzen zen lehen urteetan".

Inpresio-saila

2014an salto handia eman zuen Plastigaur enpresak. Josu Varela produkzioko arduraduna da eta hark eman du azalpena: "Ordura arte lantzen genuen produktuak balio erantsi txikia zeukan. Plastiko gardena egiten genuen eta tamaina ezberdinetako bobinatan bilduta saltzen genuen. Beharrezkoa zen gure ekoizpenari balio erantsi handiagoa ematea. 2012an hasitako hausnarketa eta ikerketa prozesuak 2014an eman zuen fruitua eta sekzio berria zabaldu genuen, plastikoaren gainean inprimatzen hasi ahal izateko".

Etorkizuna

2017-2020 Plan estrategikoa garatzen ari da orain Plastigaur enpresa. "Iraunkortasuna da plan horren gako nagusia. 2017an oraindik ez zen gehiegi hitz egiten plastikoaren eraginaz, baina gure enpresa hasia zen lanketa berezia egiten. 2019an plastikoaren inguruko informazio oker asko zabaldu zen. Badirudi plastikoak duela ingurugiroari egiten zaion kaltearen erru osoa. Erronka handia dugu informazio hobea zabaltzen".

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

     

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!