Andoaingo Piano Jaialdia

Francisco Escudero kontserbatorioko musikarien kontzertua

Jon Ander Ubeda 2020ko ots. 7a, 07:40

Miryam Ulanga antolatzaileak, ikasleek ostiral honetan eskainiko duten emanaldira gerturatzeko gomendioa luzatu zuen.

Andoaindarrak ostiral honetako emanaldira gerturatzeko gomendioa luzatu zuen. Arrazoi ezberdinen artean, bereziena, Luis Fracarekin lotuta dago. Izan ere, Donostiako Francisco Escudero orkestra sinfonikoak Fracaren “Andoain” pieza eskainiko baitu. Eta ez nolanahi. Andoaindarren artean ezaguna den musika pieza orkestra sinfoniko batek eskaintzeko egokitu dute, eta lehen aldiz entzuteko aukera izango da. Aukera ez galtzeko deia luzatu zuen Ulangak. Emanaldia 19:15etan hasiko da, Bastero Kulturgunean. Pieza horrekin hasiko da, gainera, emanaldia. Ulanga pozarren zegoen, “Luis Fraca oso gertuko dut, nire irakasle izan zelako. Bere obra batzuk estreinatu izan ditut eta espero dut saio honetara Andoaingo jende asko gerturatzea”.

Maila handikoa da Orkestra, eta horrexegatik errepertorio bikaina eskaintzeko moduan izango dira. Besteak beste, Catherine Rollinen pieza entzungo da. Udal musika eskola askotan oso estimatua da bere errepertorioa.

Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena dela eta, Orkestrak Rondoa izeneko pieza eskainiko du. “Beethovenek bost kontzertu idatzi zituen, piano eta orkestrarako egokituta. Maila oso altua behar da horrelako erreportorioari aurre egiteko”.

Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratzea beharrezkoa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!