"Askatasunagatik!" oihukatu dute gaurkoan, Joseba Pagazaurtundua gogoan hartzeko ekitaldian. Segidan minutuko isilunea egin dute. Urteurreneko ekitaldia txalo artean amaitu da. Bertan izan dira Maider Lainez alkatea eta PSE-EEko Udal talde osoa, baita Mikel Arregi EAJ-PNVko eta Elkarbiziko kidea ere. Ikusleen artean PPko Asun Guerra Andoaingo zinegotzi ohia eta baita Andoaingo alderdi sozialistaren kide historikoak: Estanis Amutxastegi, Jose Luis Vela, Fernando Narciso, Daniel Garcia...
Maider Lainezek adierazpena egin du bertan: "Zenbat eta urte gehiago pasa, orduan eta zailago egiten zaigu zure hilketa eta hainbesterena ulertzea. Izan ere, esplikaezina egiten zaigu, ulertezina. Guztiontzako min handiko urteak izan dira, eta gero eta argiago daukagu ezberdin pentsatzeagatik eta askatasuna defendatzeagatik inor ez zela hil behar. Terrorismoaren izuak ez du inoiz zentzurik ez justifikazio posiblerik izan. Eta hori denok beldurrik gabe ozen esan beharko genuke. Etorkizunera begiratu behar dugu, baina hemen gertatutakoa kontuan izanik eta kontatuz, errepika ez dadin. Orria pasa, bai, baina zer dioen irakurri eta gero. Neguak aurrera doaz, baina Joseba beti gogoratuko zaitugu, gure bihotzean eta memorian bizi zarelako".