Bertxineko Nemesio Zatarain eta Maite Iruretagoiena, elkartearen erronka berriez

Xabier Lasa 2020ko ots. 16a, 09:15

Jubilatu eta pentsiodunen elkarteko bazkideek batzar orokorra ospatu zuten, joan zen urtarrilaren 24an. 150 bazkide hurbildu ziren batzarrera. Aurrez, zuzendaritzak uzteko asmoa agertua zuen, baina batzarrean ez zen hautagaitzarik aurkeztu.

Boluntariorik ezean, azken urtean elkartea gidatu duten pertsona berberek 2020an jarraitzeko erabakia hartu zen. Nemesio Zatarain eta Maite Iruretagoiena senar-emazteak dira horiek, hain zuzen. Zatarain lehendakariak argitu digu nola iritsi diren gaurko egoera bizitzera. “Orain zortzi urte sartu ginen zuzendaritzan; Jose Luis Crego lehendakariarekin lehenbiziko lauak egin genituen, eta ondorengo lau urtetako agintaldian, berriz, neu izan naiz buru. Sei lagunek osatu genuen lan-taldea hasieran, baina horietatik lauk iaz utzi egin zuten, eta Maite eta biok geratu gara”.

Azken hilabeteetan adierazi zuten zuzendaritza uzteko asmoa biek, “nahikoa eman genuela esan genuen, eta ordua iritsi zela beste batzuek atzetik etortzeko. Baina ez dirudi konpromisurako gogo askorik dagoenik. Jarraitzeko eta jarraitzeko eskatu digute bazkide batzuk azken asteetan, esanez elkartea ezin dela inolaz ere kudeatzailerik gabe utzi. Bada, zer egingo dugu! Aurtengoa pasako dugu nola edo hala, baina ez hortik aurrera”.

Bertxin elkartea ez da edonolako herri entitatea Andoainen. Bazkide kopuru handiena duen elkartea izateaz gain, makina bat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar, mila bazkide horiek mugiarazi nahian. Hamabi euroko kuota ordaintzen dute bazkideek, eta horren truk, elkarteak hainbat ekitaldi eskaintzen dizkie. Kuotaz gain, Andoaingo Udalaren diru laguntza da bigarren finantziazio iturria elkartearentzat.

Ekintza ugariko elkartea

Joria da benetan Bertxin elkarteak urtean zehar eskaintzen duen ekintzen programa.

Ikasturte osoan pilates, gimnasia eta memoria tailerreko taldeak eta hitzorduak finkoak ditu, eta horietan 300 bat lagun mugitzen dira. Egun eta jai berezietan (emakumearen eguna, San Juanak, San Tomasak, Urte Zahar eguna…) hamaiketakoak eta txokolate jateak; urrian helduen asteari dagokion kultur astea; ibilaldi neurtuak; toka, mus eta tortilla txapelketak; lau irteera luze (aurten Portugal, Irlanda Salou eta Benidormera) agentzia batekin elkarlanean…

Gainera, ekintza fisikoa eginez adineko pertsonentzat bideratutako “Ibili Andoain” ekimeneko antolaketa lanetan parte hartzen du Bertxinek, kontuan hartuta parte-hartzaile ugari elkarteko bazkide direla.

Maitek zehaztu duenez, “ekitaldiz beteriko programa hori gauzatzeko premiazkoa da bulego lana. Ia egunero azaldu beharra dago egoitzara, elkartearen martxa zintzo kudeatu nahi bada. Urte hasierako egunetan, adibidez, egundoko lana egoten da bazkide txartelak berritzen eta kuotak kobratzen. Lan bolumena ikusita, argi dago elkartearen martxa ezin dela utzi goizetik gauera, inork ez hartzeko”.

Esker oneko ardura

Bazkideak esker onekoak direla aitortu dute biek. “Orokorrean bazkideek badakite baloratzen zenbateko lana dagoen atzean, eta eskertzen dizute. Egia da, leku guztietan bezala, hemen ere badagoela bat edo beste ekarpenik gabeko kritikak egiten dituena”. Zatarainek gehitu duenez, “horiek min eman diezaioke edonori eta etsia hartzera bultzatu. Baina entzungor egiten ikasi beharra dago, ez dago beste erremediorik”.

Aldian aldiko ekintzetan jendea laguntzera azaldu ohi da, eta horri esker eramaten dira aurrera. “Sukalderako dela, zerbitzatzeko dela eta beste eginkizunetarako dela, jendea gerturatzen da laguntza eskainiz. Denen artean gauzak errazago antolatzen direla argi dago”.

Horrelako elkarte batean inplikatzera eramaten zaituen arrazoien artean, Maitek lanak hartzeko beldurrik eza eta sozializatzeko gogoa aipatu ditu batik bat. “Bizitza honetan ardurak edukitzea eta jendartean ibiltzeko aitzakiak edukitzea beti da ona. Hori bai, denboran aurrera, obligazioa nekagarria bihur daiteke. Eta gure adinean, gehiago”.

Biak ere aitortu dute eskuzabalik hartuko dutela lanerako borondatea daukan edonor, “jakina, prest gaude erraztasuna guztiak eskaintzeko eta urte hauetan ikasi dugun guztia erakusteko”.

Eredu aldaketa

Ez dago esan beharrik nola ari den aldatzen erretiratu eta pentsiodunaren profila azken urteetan. Gizartean, giza sektore hori gero eta gutxiago identifikatzen da goizak eta arratsaldeak jubilatuen etxean karten jokoan igarotzearekin, eta gero eta gehiago kultur formazio handiagoa jaso ondoren erretiroko aisialdia irakurriz, mendi txangoak eginez, pasiatuz… egitearekin. “Aldatzen ari dira, bai, azken aldian, 65 urte beteta edo lehenago erretiroa hartu eta elkartean bazkide egin diren askoren ohiturak eta mentalitateak. Eta horiek, jubilatuen egoitzara bakarrik etortzen dira ikastaro edo irteera jakinetan parte hartzeko asmoz”.

Nolanahi ere, eskema zaharrek oraindik ere uste baino gehiago irauten dute, Zatarain eta Iruretagoienaren ustetan. “Egunero bete egiten dira jubilatuen tabernako mahai guztiak. Aisialdiaz gozatzeko modu horrek segitzen du, jokoan distraitzeaz gain, etxeko bakartasunetik irten eta jendearekin tertulian aritzeko modua delako”.

Egunero erabiltzen duten kideei begira, azpiegitura mailako berrikuntza bat aipatu beharra dago. Udala komunak berritzen ari da, irisgarritasun eta mugikortasun irizpide berriak kontutan hartuta.

Euskara, eskas

Aspaldia zabalduta dagoen kontua da Andoaingo jubilatuen etxean euskara gutxi entzuten dela. “Horixe da errealitatea. Tabernan goiza edo arratsaldea igarotzen duten hamarretik bederatzi erdaldunak dira. Eta ez dakigu zergatik izan ote den horrela beti Andoainen. Euskaldunok ere ibiltzen gara, ikastaro eta ekintza zehatzetan batez ere, baina badakizu, edukazio onaren izenean euskaldunok barneratuta daukagun hizkuntza jarrera hori, gurean ere errepikatzen da; alegia, tartean euskaraz ulertzen ez duen bat edukitzea nahikoa zaigula erderara jotzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!