Landa eremuko herritarren agerpena Udalak antolatutako bilera sortan

Xabier Lasa 2020ko ots. 18a, 11:17

Udal ordezkariek Goiburu, Sorabilla, Buruntza, Leizotz eta Calonge auzoetako bizilegunekin udaletxean bilera egin zuten atzo ilunabarrean, “Andoain Elkarlanean” ekimenaren baitan. Orain arteko bilerarik jendetsuena izan zen; aldi berean, galdera, kexa eta proposamen kopuru gehien entzun zen bilera izan zen.

Zenbaitetan, udal ordezkariek erantzunak eskaini zizkieten planteatutako gaiei, eta besteetan jaso egin zituzten etorkizunean aztertzeko promesa eginez batera.

Ezaugarri bereziak dituzten auzoak dira bostak, eta horietako auzotarren interbentzioak alde batetik bestera joan ziren etengabe. Hona adierazi ziren zenbait gai laburtuta, auzoz auzo:

Sorabilla:

  • Kiroldegia eta auzoa batuko dituen ibaiaren ertzeko bidexkari buruzko informazio eskaera. Udal ordezkarien erantzuna: aurreikusita dauka bidexka egitea, baina lehenbizi Aldundiak ikastola pareko N1 errepideko bihurgunea bideratu beharra dauka, horrela bidexka egiteko eremu zabalagoa eduki ahal izateko.
  • Inquitex lantegiaren parean dagoen Tolosarako bus geltokira iristea arriskutsua egiten da, Adunako bidean bi norabideetan abaila handian igarotzen baitira autoak.
  • Zabor edukiontzien inguruan arratoiak ibiltzen dira.
  • Auzora iristeko errepidean dagoen stopean arriskutsua da geratzea, N1etik autoak abaila handian datozelako, eta gainera, auto horiek detektatzeko ikusgarritasun eskasa dagoelako.
  • Sorabillako espaloiak politak bai, baino bere galtzada-harriak hautsita egoten dira askotan, eta konpondu arren berriro hausten dira. Hortaz, oinezkoek nahiago dute auto-errepidetik ibili.
  • Bordaberri eta Sorabilla lotzen dituen landa bidean trafiko handia dabil, kamioiak ere badabiltza, N1eko peajea ez ordaintzeagatik. Gainera arriskutsua da gauez, ilun egoten delako.
  • AHTko obrak direla eta ur horniduran arazoak dauzkaten baserrietako jabeei ur bonba jarriko zaiela agindu du Udalak, baina inguruan bizi diren beste zenbait auzotar kezkatuta daude bonbak eragin dezakeen zaratagatik. Udaletik informazioa helarazteko eskatzen dute.
  • Zabor ontzien atzean dagoen belazean auto parkinga jartzeko eskaera.
  • Erretoretxeko harrera etxean kudeatzen duen Caritaseko kide baten eskaintza: bertan bizi diren pertsonen prestutasuna auzoa garbitzeko eta auzo dinamiketan parte hartzeko.

Goiburu:

  • Plazan zeuden bankuak kendu zituzten, eta berriro jartzeko eskatzen da.
  • Goiko plazara joateko bidearen bi aldetan jarritako argi batzuk altxa egin dira, berriak jarri behar dira.

Buruntza:

  • Buruntza auzorako bidean argiteria falta dago; distantzia handiegia dago farola batetik bestera.
  • Etxebizitza multzo handia eraikitzeko proiektua dagoenez, auzotar guztientzat topagune izango den espazio bat aurreikusi dezala Udalak.

Leizotz:

  • Kanposanturako bidea txukuntzeko (goroldioarekin irristakorra, zuloak…), oraindik hor dagoen legez aurkako zabortegia garbitzeko eta argiteria jartzeko eskaera.
  • Leitzarango pasealekuan, lehen eta bigarrengo tunelen aurretik dauden akazien adarrak mozteko eskaera.
  • Ubane bailara eta bere erreka zaintzeko eskaera.
  • Olazar parkeko parkina zikina dago, eta bestalde, bertako errepidean, gauetan auto lasterketak izaten dira.

Alejandro Calonge:

  • Etxebizitzen fatxadak berritzera doazela eta, hezetasuna eragiten duen lorategia txukuntzeko eskaera.
  • Udalak jarri dituen piboteetako bat behintzat kentzeko eskaera, anbulantziak igarotzeko ere tarterik ez dutelako uzten.
  • N1 eta Urumeako autobideen arteko loturan auto pilaketak sortzen direnean, Ertzaintzak trafikoa Lasarterantz bideratzen du. Kaltetuenak Calongeko bizilagunak izaten dira. Udal ordezkarien erantzuna: Ertzaintzari bilera eskatuta zaio arazoari irtenbidea topatu nahian.
  • Sapa lantegiak gauez zarata handia sortzen du.

Gaiak amankomunean:

  • N1eko eta Urumeako autobideetako trafikoak eragiten duten zaraten aurkako panelen premia. Udalaren erantzuna, Aldundiak aurreikusita dauka panelak jartzea etorkizunean, eta honentzat lehentasuna ikastolaren eta kiroldegiaren pareko zatiak dauka.
  • Komun publikoen premia Sorabilla eta Goiburuko plazetan eta Olazar parkean. Udal ordezkarien erantzuna: 65-70 mila euroko kostua dauka komun bakoitzak, eta ez da erraza eskatzen den leku guztietan jartzea.
  • Landa guneko baserriak husten ari dira gazte jendez eta neurriak behar dira arazoa ekiditeko.
  • Landa guneetako baserritarren aldeko aldarria, instituzio publikoek balora dezaten eurek betetzen duten funtzioa landa guneak txukun manten daitezen eta horiek altxortzat jo daitezen. “Denok onartzen badugu kiroldegiaren zerbitzua erabiltzeagatik ordaindu behar dela, zergatik ez eskema berbera erabili landa guneak denok erabili arren gero bertakoek zaintzen dituztenez?”.
  • Kexa Asuncion klinikaren zerbitzua gero eta kaskarragoa delako eta Tolosaldea delako Gipuzkoan ospitale publikoa ez duen eskualde bakarra. Udal ordezkarien erantzuna: osasun sistema publikoaren alde diharduen TOPA elkartearekin harremanetan jarri da, eskualdeko gainerako herriekin bat egiteko eskaeretan.
  • Kiroldegiaren kantxaren erabileran saturazioa gertatzen ari da, bai astegunetan entrenamenduak zein asteburuetako partidu sortak direnean. Arrate frontoiaren baliabidea kontuan hartzeko eskaera, saturazio horri erantzun ahal izateko.
  • Azkenaldian Andoaingo kaskoan auto istripu ugari (auto karrerak, biribilguneetan derrapeak…) gertatzen ari direla eta, segurtasun neurriak hartzeko eskaera.
Erlazionatuak

Parte-hartze bilera

Xabier Lasa 2020 ots 17 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!