Duela bi urteko elurtea Andoainen

Mikel Arberas 2020ko ots. 28a, 13:09

Gogotik egin zuen elurra Andoainen duela bi urte, eta herria geruza lodi zuri baten azpian geratu zen. Irudi ikusgarriak utzi zituen elurteak.

Egun berezia izan zen askorentzat; goizeko lehen orduan eskola saioak bertan behera geratuko ziren zurrumurrua zabaldu zen Andoainen. Ez zen horrelakorik izan, eta eskolara bidean eta eskolan bertan gozatu ederra hartzeko aukera eduki zuten zenbait ikaslek.

Esanak esan, zailtasunak ere askotarikoak izan ziren herrian; Kaletxiki, Erroitz, Rikardo Arregi eta Arantzibia kaleetan trafikoa eten egin zuten. Horrez gain, A15 eta N1 errepideak itxi behar izan zituzten, beraz, auto ilarak handiak izan ziren. Esaterako, Andoaingo Kaleberria auzoan ilara luzeak sortu ziren.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!