Koronabirusa

Federatu mailako kirol taldeek alde batera utzi dituzte partiduak eta entrenamenduak

Mikel Arberas 2020ko mar. 12a, 13:57

Andoaingo kirol elkarteek adierazi dutenaren arabera, partiduak eta entrenamenduak bertan behera geratu dira koronabirusa sor dezakeen arriskua ekiditeko. Kirol elkarteek haurren eta gazteen osasuna ziurtatzearren hartutako neurriak dira honakoak. 

Jakinarazi dutenez, Andoaingo Allurralde kiroldegiak eta Arrate pilotalekuak ere ateak itxiko dituzte, beraz, bertan egiten diren ekintzak ere bertan behera geratuko dira.

Koronabirusari buruzko ohar hau helarazi dute Gipuzkoako Futbol Federazioko kideek:

COVID-19

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Futbol Federazioak emandako aholkuak kontutan hartuta eta azken egunetan osasun publikoaren inguruan sortzen ari den arazo eta egoerak direla eta, Covid-19 Virusaren hedapena ekiditeko asmoz, Gipuzkoako Futbol Federazioak bere eskumenpean dauden lurralde mailako txapelketa guztiak bertan behera uztea erabaki du gaurtik hasita eta badaezpada ere hurrengo 15 egunetan. 

Era berean, entrenamendu guztiak bertan behera uztea ere aholkatzen da epe berdinerako.

Andoaingo Gazteleku Pelota Elkarteak ere antzerako oharra zabaldu du:

Diputazioaren aginduari jarraituta GAZTELEKU pilota elkartearen entrenamenduak eta partidak bertan behera gelditzen dira Coronavirusaren ondorioz!

Umeen eta gazteen osasuna ziurtatu nahi du Gaztelekuk, beraz, oraingoz bertan behera gelditzen dira klubeko entrenamendu guztiak. Berriz martxan jarritakoan abisatuko dizuegu.

Mila esker eta barkatu eragozpenak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!