Teleirudimena etxetik etxera

Alukiforragutai

Garazi Kamio 2020ko mar. 16a, 20:44
Ane Jalon

Gure irudimenaren arabera, atzo bere urtebetetzea etxean pasako zuen, Italiako txoko ederren batean. Gure irudimena noizean behin zitala izan daiteke eta konfinamenduaren biktima izan dela dakigun arren, sekulako etxea izendatu diogu, non bizi denaren zantzu txikiena izan gabe. Igerilekua, lorategia eta jesukristoren etxea irudikatu diogu emakumeari.

Tanti auguri, Sabrina! Bai, Sabrina italiarra, ez Billy Wilderren filma hartakoa (Ai, Audrey Hepburn!), ezta telebistan agertzen zen sorgin nerabe hura. Ez. 52 urte bete dituen Sabrina Salerno. Zuetako askoren buruan oraintxe hiru aldiz errepikatzen den hitz horiek erakutsi zizkiguna: boys, boys, boys. Atzetik etorri zen alukiforragutai. Artean ez geniekien ingelesez eta boys, boys, boys errepikakor hura, titiak gora eta behera dantzatzea esan nahi zuela uste genuen.

52 urte bete zituen atzo gure neska motzak eta egia esango dizuet, ez nuen hain gazte imajinatzen.  Ezagutu nuenean telebista bidez ikusi nuen emakume hari urte pila bat jarri nizkion eta nire baitako algoritmo txatxuez baliatuz, atzo, gutxienez zenbat urte bete beharko lituzkeen kalkulatzen hasi eta zenbat urte botako nizkion… berrehun??! Zein heldu ikusten genituen 19 urteko neskato hura!

Kontua da Sabrina Salernok, urte dozena ateratzen ez didan emakume horrek beti gogoraraziko digula 1987ko Urtezahar hura eta badakizue zergatik. Bai, jakina da irakurtzen ari zareten bat baino gehiago memoria garatu gabeko haurrak zinetela; beste batzuk jaiotzear zeundeten eta ojo al kristo, zuetako askoren gurasoak ez zuten elkar ezagutu ere egin.

Zertaz ari garen ez dakizuenontzat, eta ondo dakizuenontzat ere, Wikipediarako sarrera berehala erraztuko dizuegu baina irakurri aurretik gomendio bat: belarriko eta begietako mina eman digun esaldi bat dago bertan. Tira, hemen Wikipediak euskaraz gure Sabrinari buruz dioena: https://eu.wikipedia.org/wiki/Sabrina_Salerno

Kito? Irakurrita? Batzuek ez, badakigu… Baina irakurri ez duenari spoiler egingo diogu. Wikipediaren arabera, nazio mailako eskandaloa bilakatzeaz gain gizon eta mutil gazte nerabe ugariren mito sexuala ere bihurtu zen. Beraz, garai hartan Sabrina mito sexual modura zenuten emakumeok, guztia gezurra izan zen. Hitz gutxitan esanda: ez zen zuen mito sexuala izan. Gaurko egunez, etxe zuloan gordeta konturatu beharra, marka da gero!

Bularra bistan eduki zuela ere jakingo duzu, beraz. Bideorik ez dizuegu jarriko, hori ez, zuk zerorrek ikusi, gustu baduzu.

Bi segundotako kontua izan zen Urte Zaharreko kontu hura, Youtube zientzia fikzioa zen garai hartan. Gure etxeetan 4 telebista kate, orduko terminologia erabilita: Etb1, Etb2, VHF eta UHF. Sabrinaren bularra gora eta behera ikustea birala izan zen (aipatuko ez dugun birusa bezala) eta Ikastolako errekreoan gu ere Sabrina izatera jolasten ginen, etengabe “boys, boys, boys” esaten.

 Hura gertatu zenetik 33 urte pasa dira (Diosdelamorhermoso!) eta garai hartan barregarri iruditzen zitzaiguna, alegia, ailukiforragutai izango zela uste genuena, ez zaigu hain I’m looking for a good time iruditzen.

Non zinen Urte Zahar hartan? Oroitzen Sabrinataz? Sikiera etxe atzera etorriko balitz kontzertuan kantatzera, txamarra goraino lotuta…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!