Ez gatoz inor larrutzera, ezta gaizki hitz egitera ere. Burura etorri zaigun hitza da izenburukoa eta horren inguruan jolasten saiatuko gara gaur.

Egoera lasaian gaude gure konfinamendu honetan, sator zuloan sartuta. Siesta ederrean dauzkagu Zelai ahizpak etxeko logela baten (entzumena zorroztuz gero entzungo dituzue zurrunga bizian) eta gu bitartean, arnasa lasai hartzen saiatzen ari gara.

Etxe barruko egoera bare dagoen honetan, lerro hauek baliatu nahiko genituzke atzo SER irrati katean entzun genuena zuzentzeko. Argazkilaria eta biok ez gara Zelai ahizpak, Ubeda jauna. Ez gaude zurekin haserre baina nahiko lan izan genuen atzo beste bi bisitari hauek lasaitzen. Demanda judicial errepikatzen zuten etengabe, Sálvamera joango zirela esaten zuten eta poligrafoko ez dakit zer ere eskatuko zutela.

Bizilagun batek salbatu gintuen arte. Ez dakigu nor den, zehazki Aita Larramendi edo Zumea kaleko zein txokotan bizi den satortuta baina biziki eskertzen diogu atzo eskaini zigun kontzertu txikia. Gure etxean gotortu zaizkigun ahizpak lasaitzeko balio izan zuen, dantzan jarri baitzituen Resistiré, I will survive eta Ametsetan kantuekin, egunero bezala bizitzaren zati handia ospitaleetan uzten ari diren osasungintzako langileen aldeko txalo artean. Ez dakigu nor zaren baina eskerrik asko!

Bizilagunak, hiru abestiak amaitu zirenean, Olaya Alcázar kantari espainiarrak sortutako eta azken egun hauetan famatu egin den kanta jarri zuen. Ez baduzue entzun, guk erraztuko dizuegu lana: HEMENTXE.

Hitza berak esan du, ez guk. Hala ere, eta esan duenez, memoriara ate joka etorri zaigun pasarte bat ekarriko dugu hitzetara, ahizpek lo jarraitzen duten bitartean.

Nonbait entzun nion  baina ez dakit zehazki non (ez daukat hain memoria ona) Jon Maia bertsolariari txikia zeneko pasarte bat. Oker ez banago, Urretxun bizi zela, aitonarekin zegoen behin bost urte inguru izango zituen Jon txikia. Aitona harro omen zegoen Jonek Ikastolan euskaraz ikasten zuelako eta auzoko euskaldun batekin topo egin eta harrotasunez ezin kabitu, bilobak euskaraz bazekiela esan zion. Aitonak umeari begiratu eta gizon euskaldunari euskaraz zerbait esateko eskatu omen zion. Imajina dezakezue Maia txikiaren erantzuna: puta.

Letra etzanean doa hurrengo hitza: putamadrekoa iruditu zaigu Olatz Lasari eta Mikel Arberasi otu zitzaien Bertso-vid 19 egitasmoa. Bertsotarako abileziarik gabe jaio ginenontzat pozgarria da etxean sartuta zaudetenak errimen bila irudikatzea. Zelai ahizpak ere pozik daude, bertsoaz ezer jakin gabe, hauek Bertin Osborneren rantxeretatik ezin atera dabiltza eta.

Pandemia eta bertsoak lotu zituen duela ehun urte ere Matea Joxepa Zubeldiak. Garai hartan, 1918an baztanga izurritea (biruela zikina)  sufritu zuten gure aspaldiko ahaideek eta Hernaniko emakume honek, bertso batzuk eskaini zizkion egoera hari. Azken egun hauetan beste hernaniar batek, Estitxu Eizagirre kazetari eta bertsolariak ekarri du gurera emakume hura. Argia astekarian jarri du albistea, HEMENTXE alegia.

Zubeldiaren lana isildu egin zuten bere alabek. Amaren izen ona zikinduko zenaren beldurrez, sakrilegio izugarritzat hartzen zen emakume-bertsolari binomioa deuseztatu zuten. Jakingo balute zenbatek kantatu dituzten azken egun hauetan eurek sortutako bertsoak…

Ziur gaude gaurko testuaren izenburua etorriko zitzaiela burura amak bertsoak kantatu eta idatzi zituela jakitean. Hauek ere sikiera bertso haiek gu oraintxe gauden bezalaxe, euren etxe putan izkutatu izan balituzte…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!