Teleirudimena etxetik etxera

Txanklete (Bai, L tartean duela)

Garazi Kamio 2020ko api. 15a, 21:05

Urte batzuk igaro dira lagun baten ahotik entzun genuela. Polita zen, animalistentzat ez, beharbada baina originala bai. Lausengu edo lore bat zen, piropo bat alegiya eta aizue, grazia egin zigun. Nik zuregatik balea akabatuko nuke txankletazoka. Hortxe esaldia. Eta ez, ez ziguten guri esan, lagun batek esan zigun eta lagunari beste lagun batek baina gure memoriak tarte bat eskaini zion eta gaur burura etorri zaigu, txankleta hegalariekin batera.

Gaur Spring-Summer garaia kaleratzeko eguna omen zen (bai, zuk ere jarri diezu azentua hitzei, ea esan berriz ere, ingeleseko irakasle txatxu bat bazina bezala: spring-summer. Oh yeah!) eta udan erabiltzen ditugun oinetakoan non gordetzen ditugun galdetu digute. Bai, ondo irakurri duzu: galdetu egin digute. Emozioak jota edo, udazkena etortzearekin batera gordetzen ditugun oinetakoen txokoa erakutsi diegu (bai ama, ondo gordeta dauzkagu) eta aizue, umeei bezala, gure oinetakoekin jolasten utzi diegu. Total, argazkilariaren 39a agian ondo izango zuten baina nire 42a?

Modeloen desfilea etorri da ondoren. Sandaliak, oihal argizko zapatila arinak, espartinak, hondartzara joateko txankletak… Jira eta buelta ibili dira, poz-pozik, beti bezala gosea etorri, azukre maila garunean jaitsi eta galdezka hasi diren arte: gurea zertan da?

Gurea… Hau da, eurena… Aiurrin agertu omen den bideo horren inguruko zerako zera; eta guk oraindik, ideiarik ez. Hain ondo ginen gure oinetakoak hauen elefante hanketan aurrera eta atzera ikusten…

Serio eta triste aurpegiak nahasi nahian ibili gara argazkilaria eta biok eta egia borobila esan diegu: ez dakigu ezer baina jakingo dugu, ez arduratu. Elkarri begiratu diote eta bota dituzte hain ohikoak egin zaizkigun hitzak: demanda, deemaaandaaaa!!!

Guk ere gure aldetik demaanda, demaaandaaaa!! ere errepikatu dugu eta historian lehenengoz, Zelai ahizpen eta gure arteko akordioa iritsi da: datorren astelehenerako duela hiru egun bideo bidez astakeria hura bota zuen arduraduna azaltzen ez bada, greba egingo dugu. Argitu dezagun, gure etxean gertatzen denaren inguruan egingo dugula greba; gose greba alde batera uzten dugu, hori mesedez argi gera dadila.

Bergarako besarkadaren antzeko zerbait gertatu da orduan. Ez, ez da besarkadarik egon baina Espartero eta Maroto ginela iruditu zaigu (zuek erabaki nortzuk jarri bakoitzaren lekuan), zaldirik gabe (baina bai zaldi hortzekin) baina ustezko bake bat inguratzen ari ginela iruditu zaigu. Ados gaude greba egitearekin. Bergaraz ari garela, hango rellenoen bila ere joango garela esan diegu.

Txankleten eta sandalien gazta usainarengatik ondo drogatuta, festarako gogoa piztu zaie. Kontatu digute maiatzaren 2an jai izaten dutela Madrilen (tira, noiz ez dute jai bi hauek) eta San Isidro egunean txulapaz janzten direla, krabelina buruan eta mantilla soinean. Santuaren izen bera duen zelaira joaten direla (hortxe zergatik diren Zelai ahizpak, aizue!) eta han txotisa dantzatzen dutela (dantzatu, dantzatu…). Guk halakorik ba ote dugun galdetzean, Santa Krutzak aipatu dizkiegu. Eta garai ederrean aipatu ere…

Argi dugu ez duzuela lehen segundotik sinetsi erabateko bakea izan dugula etxean. Orduan iritsi da beraz, istorioari buelta emateko: Santa Krutzetako jai batzordearen bideoa erakutsi diegu eta akabaramos… Zuten ilusio apurra lapurtu diegula, Andoain jada ez dutela horrenbeste maite, Txurreriaren proiektua bertan behera utziko dutela… Halako esaldiak jaso behar izan ditugu. Kontsolamendua ematera ere hurbildu nahi izan dugu (lagun minak ginen eta!) eta trukean udako txankleten laztanak jaso ditugu. Txankletak botatzen hasi dira, bakarrik uzteko esanez. Disgustua eman omen diegu eta ezin izan diote buelta eman egoerari. Hori bai, pena indarrez samurtu nahi izan dute: 42 zenbakidun txankletak min ematen duela, aizue!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!