Telefono bidezko laguntza psikologikoa

Aiurri 2020ko api. 25a, 10:39

Gizarte Zerbitzuen Sailak laguntza psikologikoa eskaintzeko telefono bidezko zerbitzua martxan jarriko duela iragarri du: “Jakin badakigu Koronabirusak eragindako ziurgabetasun eta desosegu une hauetan, konfinamendu-egoerak kasu askotan areagotu egin duela isolamendu eta bakardade sentsazioa, eta gure adineko pertsona batzuei ondoez emozionala eragin diela”.

Gizarte-langile bat eta eguneko zentroko langile bat deiak egiten hasiko da, bakarrik bizi diren edo 75 urtetik gorakoak diren pertsonen animoa zein den jakiteko. Udal zerbitzu hori aurrera eramateko, gainera, 5 psikologoren laguntza izango du. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako ADI programa baliatuta lortu da hori.

Andoaingo Covid Bolondresak

Andoaingo boluntarioen sareak jakinarazi digunez, bere taldearen barruan 10 pertsona prest daude hitz egiteko beharra sentitzen duten adinekoen deiak jaso eta erantzuteko. Laguntza zerbitzuaz baliatzeko, hala nahi dutenek 635 716 709 telefono zenbakira deitu behar dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!