Pertsiana zaharrak berri

Jon Ander Ubeda 2020ko mai. 11a, 08:06

Maiatzaran 11 da, astelehena. Goizeko 07:00ak emateko direnean, herrian barrena ibili gara gosariak eskaintzen dituzten tabernen bila. "Normaltasun zaharrean", ordu horretarako dozena erdi bat ostalaritza negozio irekita izaten ziren. "Normaltasun berrian", Fase 1 delakoan sartuko garen egunean, ostalaritzaren erradiografiak ez du aldaketa handirik erakusten. Pertsiana zaharrak berri.

Ordu horretan Zumea plazako Danena, Kale Nagusiko Urkiola, Ondarretako Edur eta Goikoplazako Elizondo eta Anaiak tabernak zabalik izaten dira. Guztietan pertsiana itxita topatu dugu. Ez da argirik ikusten, prestaketa lanik ikusten. Aurreko asteetako joerari eutsiz, gaurkoan ere itxita egongo direla dirudi.

Ama Kandida etorbideko panorama ez da ezberdina. Bazkardoko alde horretan, gaueko txanda amaitu duten eta goizekoa hastear duten langile asko elkartzen dira Irrintzi tabernan. Ziurrenik ordu horretan Andoainen lan gehien egiten duen ostalaritza negozioa da. Bada hori ere itxita dago. Pertsiana itxita. Eta gauza bera esan daiteke ondoan dituen beste bi taberna txikiez ere.

Kaletxikin Buruntza jatetxearen ateak zabalik izan ohi dira, goizeko 07:00etarako. Lehen orduko bezeroen artean dira, besteak beste, tren geltoki berria eraikitzen ari diren beharginak. Berriki, gainera, janaria etxera eramateko sukalde zerbitzua ireki du. Gaur goizean tabernaren ateak itxita zeuden.

Normaltasun berria ez da oraindik Andoainera iritsi. Zertxobait gehiago kostako da. Fase 1 delakoari buruz Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko irizpide ezberdinek nahasmena ekarri dute, iritzi publikoan. Eta horrez gain, ostalaritzaren sektorean ezarri beharreko murrizketak eta prebentzio neurriak oso zorrotzak dira. Beraz, egun gehiago itxaron beharko da ostalaritza sektorea berrabiarazten ari dela ikusteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!