"Herriaren babesa jaso dugu"

Mikel Arberas 2020ko eka. 1a, 10:00
Beñat Ariztimuño, Olaia Zapirain, Iñaki Altzuguren, Aitziber Ugartemendia eta Arkaitz Lasarte. Aiurri

Ezjakintasuna nagusi da Irunberri kultur elkartearen inguruan, 35/02 delako sumarioa noiz eta nola aplika daitekeen ez dakitelako. Bien bitartean, taberna eta elkartearen martxa berrekiteko lanean ari dira.

Zer leporatzen zaie herriko tabernei?

Lehenik eta behin nabarmendu nahiko genuke epaiketa eta kasu guzti hauek antidemokratikoak direla. Duela bi hamarkada Baltasar Garzon epaileak auzia hasi zuen, 35/02 makrosumarioan, eta 34 pertsona prozesatu zituzten; horietatik batzuk espetxeratu zituzten, tartean Lizaso andoaindarra.

Herriko tabernen auziari dagokionez, finantziazio delitua leporatzen zaie eta guk argi dugu hau sekula eman behar ez zen epaiketa bat izan zela.

Zein da Irunberri kultur-elkartearen egoera, une honetan?

Azken asteetan berri ezberdinak zabaldu dira eta zurrumurruak Euskal Herrian barrena zabaldu dira. Herriko batzuetan, besteak beste, kontu korronteak moztu eta blokeatu egin dituzte. Andoaingo kasuan ez dugu horrelako berririk jaso. 

Horrez gain, salatu nahi dugu espainiar justiziak Koronabirusaren ondorioz deitutako konfinamendua eta osasun alarma erabili dituela prozesu zikin hau atzeko atetik burutzeko.

Irunberrin elkartea eta taberna dago. Zeri eragingo lioke itxierak?

35/02 makrosumarioan Herriko tabernak konfiskatzeko agindua eman zuten. Bai taberna eta bai elkarte gastronomikoa, biak egongo lirateke isteko arrisku bizian.

Nola ikusten duzue egoera, etorkizunari begira? Irtenbiderik ikusten al duzue?

Argi eta garbi esan nahi dugu  irtenbidea oso erraza dela. Uste dugu, norbera demokratikotzat jotzen duen edonork astakeria den sententzia hau bertan behera uztea eskatu beharko lukeela. 

Andoaindarrontzat kuttuna den Irunberri kultur-elkartea bakean uztea nahi dugu, eta utz gaitzatela beti egin dugun bezala herritik eta herriarentzat lan egiten. Hori da gure ustez bideragarria den etorkizun bakarra.

Esanak esan, espainiar justizia eta estatu antidemokratikoa ezagututa ez gaude batere baikor. Lehen esan bezala, epaia behin betikoa da, eta, beraz, ez daukagu itxaropen asko. Ez dakigu etorkizuna zein izango den, eta arazoetako bat hori da; sasidemokrazia honetan horrelako kasurik eman ez denez, ez dagoela aurrekaririk. Hala ere, etorkizuna iluna ikusten dugu, baina proiektu kultural gisa lanean jarraituko dugu inongo dudarik gabe.

Zein da bertako langileen egoera? 

Etorkizunaz hitz egin baino lehen, uste dugu orainaz hitz egin beharko genukeela, eta hemendik gure besarkada handiena langileei, egoera hau pazientziaz eramaten ari direlako. Dakizuen bezala taberna itxita dago Koronabirusak eragindako krisia hasi zenetik, baina hasieratik argi genuen langileen eta erabiltzaileen osasuna lehen lerroan jarri behar genuela. Horrez gain, beraien lan baldintzak mantentzeko hautua hartu genuen, beraien soldatak errespetatu ditugu, nahiz eta lanera etorri ez diren. Erabaki hauekin euren jarrera errespetatu nahi izan dugu. 

Tabernako eta elkarteko materialari dagokionez, aspaldi egin zen zerrendatzea eta lokal guztietan inbentarioa egin zen. Jakingo duzuenez, Irunberrin berrikuntza asko egin da, materiala erosi da eta konponketak egin dira; beraz, bai, inbentario bat dago, baina berrikuntza guzti horiek bereizita geratuko lirateke legez. Hala izan beharko luke, baina esan bezala, Estatuarekin ez dago jakiterik.

Herritarren edota alderdi politikoen babesa jaso duzue?

Bai, jakina. Bazkideen eta bazkide ez direnen babesa jaso dugu; ez hori bakarrik, tabernan edo elkartean beraien bizitzako edozein memento bizi dutenek helarazi digute babesa. Azken urte hauetan guztietan, prozesu judiziala hasi zenetik babes mezu ugari jaso dugu eta, horregatik, lanean jarraitzeko erabakia hartu genuen, taberna eta txokoa irekita mantentzeko eta herriaren zerbitzura lanean jarraitzeko.

Aspaldiko kontuak direnez, maila nazionalean mezu ofizial ugari jaso genituen alderdi politiko ezberdinengandik. Andoaingo kasuan, azkeneko berri hauek jaso ditugunetik, EH Bildu izan da gaiaz arduratu den alderdi politiko bakarra.

Nola amaitu daiteke Herriko Tabernen kasua?

Tamalez, ez gaude oso itxaropentsu. Ez daukagu espainiar justiziarekiko inongo konfiantzarik, ez dugu politikoki ere aurrerapausorik emango dutenaren zantzurik sumatzen. Jakin badakigu epaia aldaezina dela eta, beraz, lehenago edo beranduago ixteko agindua eman  dezaketela. Guretzako garrantzitsuena ez da lokal bat irekita mantentzea, baizik eta proiektu kultural bat edukitzea. 

Zer suposatu dezake Irunberri Kultur-elkartearen itxierak?

Ostalaritza oso egoera kaskarra bizitzen ari da azken urte hauetan eta bereziki, azken hilabeteetan osasun krisia dela medio. Kale Nagusiaren erdigunean gaude kokatuta, eta hemen badakigu zer den inguruko tabernen itxierak ikustea. Herriarentzako beste komertzio bat istea beti da tristea eta tamalgarria. Ez dugu esan nahi Irunberri kultur-elkartearen itxierarekin guztia amaituko denik; hau da, kultur proiektua moldatu egin beharko litzateke. 

Axier eta Ainhoa gogoan

Amaitzeko, garai latz hauetan Axier eta Ainhoa euskal presoak gogoratu nahiko genituzke. Bidegabeko epaia bertan behera uzteko garaia dela uste dugu; eta ezin ahaztu ere espetxeetan dauden preso guztiak, Andoaingik elkartasuna adierazi nahi diegu. Besarkada bana, biei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!