Ama Kandida gogoan hartzeko ospakizun berezia

Mikel Arberas 2020ko eka. 4a, 08:26

Joan zen igandean 175 urte bete ziren Ama Kandida jaio zela. Efemeride borobil hura gogoan hartuta, ekitaldia antolatu zuten. Igandero mezara hurbiltzen den auzotar talde kopuru mugatu batek gozatu ederra hartu zuen, baita kongregazioko kideek ere.

Bizi dugun Osasun Alarma egoera oso serio hartu eta auzoa maite duten kaletxikitar talde batek ekitaldi berezia prestatu zuen igandean, Ama Kandidaren jaiotzaren urteurrena ospatzeko. Konfinamenduak auzotarren arteko anaitasuna areagotu du, eta aurreko asteetan auzoa girotzen aritu diren auzotarrek ekitaldi berezia prestatu zuten. Irrintzia, bertsoa, musika, dantza... euskal tradizioaren isla izan zen igandekoa.

Dani Arizalak aurkeztuta, saio dinamikoa izan zen ekitaldian zehar auzotarren parte hartzea sustatu zuelako.

Ospakizunean zehar parte hartu zutenak bikain aritu ziren. Hots, Aner Portuburu gazte irrintzilaria, Xabier Arantzeta bertsolaria, Xabier Ariznabarreta, Borja Rubiños, Estitxu Sistiaga eta Mikel Urdangarin musikariak, Txitxu Castro eta Juanita Ikutza kantariak eta Izaskun Aizpurua eta Gorka Duran Oinkari dantza taldeko kideak.

Saioa, kaperara hurbildu ziren auzotarrentzat ez ezik,  kongregazioko kideentzat ere hunkigarria izan zen.

Kongregazioko kideen eskertza

Blanca Esther Tolosatik hurbildu zen, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkari nagusi modura. Eskertza adierazteko mezua eman zuen: "Ohorea da zuek guztiokin Ama Kandidaren 175. urteurrena ospatu ahal izatea. Hau guztion lekua da, eta, beraz, guztiontzako mantendu beharreko lekua da, leku berezia. Opari bat ekarri dizuet, lore sorta bat. Ama Kandida emakume xumea zen, hortaz, lore sorta xumea ekarri dut; lore-begiez josia dago eta hemen gauden guztion aniztasuna irudikatu nahi izan dut. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuet Kaletxikiko leku hau horren ondo zaintzeagatik eta Ama Kandida beti horren presente edukitzeagatik".

Xabier Arantzetaren bertsoa

Bertsoa ere kongregazioko kideak omentzeko baliagarria izan zen. Arantzeta "Toxak" Kaletxikin bizi da, eta aldaretik bertsoa eskaini zien kongregazioko kideei:

Ehun da hirurogei ta hamabost

gaur zure urtebetetzea.

Joxepatxo, Ama Kandida,

nahi degu zoriontzea.

Zure etxean gaurkoan,

guk baimena eskatzea

ta Jesusen lau alabei

omenaldia egitea:

Maria Dolores, Koro,

Lurdes, Pakita maitea

eskertu nahi dizuegu

jarrera ezin hobea.

Konkistatuta duzue,

Kaletxikiko jendea.

Eneko Urdangarin, Miren Erkizia, Xabier Arantzeta eta beste zenbait lagunen ekimenari esker, omenaldi ekitaldi bikaina izan zen. Ezin aipatu gabe utzi Koronabirusak eragindako hildakoak. Ezer baino lehen, igandean minutuko isilunearekin gogoan hartu zituzten.

 

Juana Josefa Zipitria Barriola, "Ama Kandida"

KALETXIKIn sortu eta gerora beatifikatu zuen andoaindarraren biografia laburtua

Andoaingo Berrozpe baserrian jaio zen Juana Josefa Zipitria Barriola "Ama Kandida", 1845eko maiatzaren 31n. Aurtengoan, beraz, 175 urte bete dira. Eta efemeride hori dela eta, ospakizun berezia antolatu zuten auzotarrek.

XIX. mendean Berrozpe baserria etxebizitza ezberdinetan banatua zegoen eta bere familia eskuin aldera zegoen bizigunean bizi zen. Urteak pasa ahala, Berrozpe baserria hutsik geratzen joan zen eta 1926an enkantean jarri zuten. Oso egoera txarrean zegoen ordurako. Juan Olazabal donostiarrak erosi zuen 1926ko urriaren 12an, 12.000 duroren truke. Etxea Jesusen Alaben kongregazioari oparitzea erabaki zuen, baina etxea ez zen erabilgarri izan 1946ra arte.

Ibilbide oparoa osatu zuen Ama Kandidak. Biografia osoa asko laburtuta, hona hainbat datu. 17 urte inguru zituela, Burgosera joan zen. Zazpi ahizpetan zaharrena zen eta ez zuen heziketarik jaso. Horrenbestez, neskame lanetan hasi zen familia aberats batentzat. Familia hura Valladolidera joan zen bizitzera eta bera ere bai, haiekin batera. Valladoliden zegoela ezagutu zuen Miguel Herranz jesuita. Haren laguntzarekin erabaki zuen bere etorkizuna erlijiora eta heziketara bideratzea, batez ere emakumeei zuzenduta.

Salamancara joateko erabakia hartu zuen orduan, garai hartako hezkuntza gune nagusia bertan zegoelako.

1871ko abenduaren 8an Jesusen Alaben kongregazioa sortu eta hezkuntza arloan lanean hasi zen, 26 urte zituela. Beste bost emakumerekin batera eman zituen lehen pausoak. Denbora gutxira, zenbait eskola irekitzea lortu zuen, Salamancan eta inguruko herrietan lehendabizi, eta beste hainbat tokitan geroago. Gaztela inguruan hainbat ikastetxe zabaldu ondoren, Euskal Herrira zabaldu zuen bere ekimena. Hemen ere eskolak eraikitzen hasi baitziren.

Bera hil aurretik, Brasilen bi etxe irekita zeuden dagoeneko. Filipinetan, Hego Amerikako hainbat herrialdetan, Afrikan, Asian…, Jesusen Alaben kongregazioa premia larrian dauden herrietan zabaldu da.

Egun, mundu zabaletik, Kongregazioko kideen eta fededunen bisitari ugari hurbiltzen da Andoainera. Bereziki, Ama Kandidaren jaioterria ezagutu asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!