Udalekuak kirola eta aisialdia uztartuta

Aiurri 2020ko eka. 11a, 08:00

Sport Madness enpresak "Andoain konkistatzera Udalekuak" ekimena antolatu du, uztailerako. Bi asteko txandak antolatu dituzte, kirola eta aisialdia uztartuz. Izena emateko aukera zabalik dago.

Jon Ander Ubeda andoain

Ginkana, orientazio jolasak, proba fisikoak... Haur eta gaztetxoei begira, Andoainen haurren udako aisialdia osatzeko aukera badago Sport Madness enpresaren eskutik.

Pandemiatik ateratzeko 3. fasea abian jartzearekin batera, udaleku irekiak antolatu dituzue Andoainen. Azalduko al duzue zein den ekimena?

Gu biak, beste hainbat kiderekin batera, proposamen ezberdinak lantzen ari gara probintzia eta erkidego ezberdinetan. Proposamen berezi modura aurkeztu dugu, ohiko aisialdiari alternatiba bilatu asmoz. Gauza da jende askok ulertu duela oso proba gogorrak izango direla, oso zailak. Ez da hori izango, inondik inora. Aisialdiari lotutako probak izango dira, neska-mutil guztiek lasai eta eroso egiteko modukoak. Helburua ondo pasatzea izango da. Proba ezberdinak egin eta gero, taldeko bakoitzak Andoaingo armarria eskuratuko du.

Zuen ekimen propioa da, honakoa? Non egingo dira udalekuak?

Bai, gure ekimenez antolatu da. Egun bakoitzeko A eta B plana prest ditugu, eguraldiaren arabera bat edo beste martxan jartzeko. Euriarekin herriko aterpeak erabiliko ditugu. Euriarekin edo eguzkiarekin, proba ezberdinak egingo ditugu. Eta euskararen sustapena ere oso presente izango dugu.

Aurten 'Goazen joastera' udalekurik gabe, interes berezia nabaritu al duzue?

Lehen txandarako hogei haurrek eman dute izena, eta bigarren txandarako ere deiak jaso ditugu. Bi txandak osatzeko adina izen-emate beharko genituzke.

Segurtasun eta higiene aldetik berme guztiak eskaini beharko dituzue.

Bai, noski. Eusko Jaurlaritzak zehaztuko duen protokoloa erabiliko dugu, bai ala bai.

Haurrak non elkartuko dira, goizeko lehen orduan?

Talde bakoitza herriko gune ezberdinetan elkartuko da begiralearekin. Informazio zehatza emailez jasoko dute parte hartzaileen gurasoek.

Sport Madness enpresak zein esperientzia du antzeko lanetan?

Jon Gaztañaga futbol kanpusarekin hasi ginen lanean, eta hortik aurrera ibilbidea osatzen ari gara. Lasarte-Oriako Eguberrietako PINa eta Ibarrako udalekuak antolatu ditugu, eta beste hainbat ekimen gehiago ere.

 

BI TXANDA UZTAILEAN

  • Bi txanda: Uztailak 6-17 eta Uztailak 20-30.
  • Ordutegia: 09:00-13:00.
  • Informazioa: Aratz eta Beñat. 627 882 485.
    627 341 707.
  • E-posta: konkisandoain@gmail.com
  • Prezioa: 120 euro.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!