“Ez dakit zer gertatuko den, baina panorama beltza ikusten dut”

Ainhoa Gil 2020ko eka. 26a, 09:00

Duela hogei bat urte jaio zen Neurotika Sound enpresa. Andoni Galindo andoaindarra da enpresako buru. Soinu, argiztapen eta grabaketa zerbitzua eskaintzen dute eta egoera larrian jarri ditu COVID-19ak.

Ibilbide luzea duzue sektorean. Kontaiguzu, zer egiten duzue Neurotika Sounden?

Soinu, argiteria eta grabaketa zerbitzuak eskaintzen ditugu. Hainbat artista eta talderen kontzertu biretan egin ditugu teknikari lanak: Alex Ubago, Barricada, La Oreja de Van Gogh, Anje Duhalde, Zea Mays, Doctor Deseo... Bestelako ekitaldietako lanak ere egin izan ditugu: kongresuak, agerraldi politikoak, konferentziak, herrietako jaiak... Behar bezala entzun eta ikusteko baliabide teknikoak jartzen ditugu. Instalazio finkoetarako laguntza ere eskaintzen dugu. Gure langile guztiak tituludunak dira, eta sektoreak, orokorrean, sekulako gorakada egin du kalitatean. 

Zuen sektoreari ere zuzen-zuzenean eragin dio alarma egoerak. Nola bizitu zenituzten lehen egun haiek?

Kolonbiara joateko puntuan nintzen. Kontzertu bateko teknikari lanak egin behar nituen han, eta Madrilgo aireportuan nintzela, arrebak deitu zidan. Mugak ixtekoak zituztela esan zidan. Kolonbiara deitu nuen jarraian, egoera zertan zen jakiteko. Kontzertua egiteko asmoa zutela esan zidaten, baina ez zekitela gero itzultzerik izango ote nuen. Ez joatea erabaki nuen, eta eskerrak. Geroztik, erabat geldirik gaude. Kontzertu, ekitaldi, grabaketa..., dena bertan behera geratu da.

Zein da egoera orain?

Benetan beltza. Bost langile gara, eta ERTE egoeran gaude. Ekaina amaiera arte hala egongo gara, baina ez dakigu gero zer gertatuko den ERTEekin. Langile guztiak mantentzea da nire gogoa; urte asko daramagu elkarrekin lanean eta lagun taldea ere osatu dugu, baina ez dakit posible izango dudan. Udan lan asko egiten dugu guk, horixe izaten da garairik mugituena eta ia urte osorako diru-iturri nagusia. Herrietako jaiak, Aste Nagusiak, kontzertuak, jaialdiak, kongresuak... denetarik izaten da. Baina aurten ez dago horrelakorik. Aurrera begira, gainera, ziurgabetasuna da nagusi, eta ez da erraza egoera hau kudeatzea. Bitartean, arlo honetan lanean aritzen garenon arteko bilerak ari gara bideratzen, sektorearen lan baldintzak duintzeko asmoz. 

Zein da zure kezkarik handiena?

Egoera honek sortzen duen ezjakintasuna. Ez dakigu noiz hasiko garen lanean, eta ez dakigu nola... Zaila da erabakiak hartzea. Nire kasuan, soinu ekipo berria erosi nuen martxoa hasieran. Inbertsio handia egin nuen, momenturik okerrenean. Ez bagara lanean fundamentuz hasten, banketxeak eramango ditu orain arte egindako guztiak. Lanbide honetan, oso garrantzitsua da puntako teknologia erabiltzea, eta oso material garestia da. Aurrez ere ekipo ona genuen, baina zenbait talde, berriagoa eskatzen hasiak ziren. Aurrerapausoa ematea erabaki nuen; banketxearekin hitz egin, eta soinu ekipo berria eskuratu nuen. Orain ez dakit zer gertatuko den. Lanik ez dugu egiten, banketxea maileguko kuotak kobratzen ari zaigu eta beste hainbat gasturi ere egin behar zaie aurre. Baliteke lan txikiren batzuk egitea, baina ez badiogu indarrez ekiten, ez dakit zein izango den irtenbidea. 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 563. alean

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!