"Daukagun komunitateari esker egingo diogu aurre espolioari"

Xabier Lasa 2020ko uzt. 4a, 08:56
IƱaki Altuna, Naiz proiektuaren zuzendaritzan buru-belarri dabil une honetan, eta ilusioz beterik Naiz Irratiaren jaiotzarekin

Iñaki Altuna Arandiak (Andoain, 1967) 30 urtetik gora darama kazetaritzan, Egin eta Gara proiektuen inguruan beti. Denetik bizitzea egokitu izan zaio kazetari gisa; azken aldian, Gizarte Segurantzari hiru milioiko ordainketa egin beharra eta Naiz Irratiaren jaiotza.

Zorraren ordainketaren gaiaz janzteko, urtetan atzera egin behar dugu. 1998ko uztailean Auzitegi Goreneko Baltasar Garzon epaileak Egin egunkaria eta Egin Irratiaren itxiera mugagabea agindu zuen, ETAren zati bat zirelakoan biak ere; 2003an, epaile berak Egin egunkariaren zorrak Gara egunkariaren bizkar jarri zituen. 

2009an, ordea, Egin egunkariaren eta Irratiaren itxierak ez zirela bidezkoak adierazi zuen Espainiako Epaitegi Gorenak. 2019ko urtarrilean, Gara egunkariko arduradunek jakitera eman zutenez, guztira Gizarte Segurantzari zorra zatika ordaintzea, milioi erdi euro sei hilabetero ordaintzea adostu zuten epailearekin. 

“Egin egunkaria ixtearekin batera, Garzonek zuzendaritza kartzelan sartu eta administratzaile judizial baten esku utzi zuen enpresa: Estatuaren kontrolpean, azken batean. Administratzaileek egundoko kudeaketa axolagabea egin zuten; kalean geratutako langileen egoeraz ez zuten kezkarik agertu, eta enpresak zeuzkan aktiboak –errotatiba, instalakuntzak…–, usteltzen utzi zituzten, zorrak gehituz horrela. Aldi berean, Garzonek auto baten bidez “enpresen arteko ondorengotza ideologikoa” zegoela adierazi zuen Gara jo-puntutzat hartuta. Harrez geroztik, zor guztia ez ordaintzekotan Gara ixteko arrisku bizia egon da. "Horrela, ordainketa etenaldiaren formulari heldu zion Garak, eta geroztik interbentzio judizialaren pean egon gara, oso egoera anomalo eta kaltegarria izan da guretzat, ze edozein gastu, kontratu, inbertsio… ikuskatzaile baten zaintzapean egin behar izan baitugu”.

Garzonen 2003ko autoa eskuetan, Gizarte Segurantzak segida eman zion zorra kitatzeko bideari; "alegia, une batean epaileren batek erabaki zezakeela Gara ixtea. Errekurtsoak jarri ditugu urtetan, baina 2017an, epaile batek karpeta batean hautsak janda zegoen txostena hartu, eta garbi adierazi zion Gara egunkariko zuzendaritzari, sei milioiko zorra ez bazuten ordaintzen, itxi egin beharko zutela. Kazetaritza proiektu oso bat eta 200 langileren etorkizuna arrisku bizian jarri zen, eta egunkaria akordio batera heldu zen epailearekin; hiru miloi euro ordaintzera behartuta dago geroztik". Epeka, bi milioi ordaintzera heldu dira, eta milioia falta zaie, beraz.

Altunaren esanetan, “bidegabekeria baten aurrean egon arren, iruditzen zitzaigun euskal gizarte zibilak zein politikoak –PP ez gainerako alderdi politiko guztiek– ez luketela ulertuko bat-batean Gararik gabe geratzea, hots, sektore politiko-sozial jakin batetik lan egiten duen egunkari bat ixtea, eta ahalegina behar genuela egoerari aurre egiteko, finantziazio-bideak irekiaz, eta batez ere, elkartasuna eskatuz”. 

Espoliazio gisa definitu izan du egoera Garako zuzendaritzak. “Zor bidegabe bat leporatzen digute. Adierazpen askatasunaren eta boteretik gogokoa ez den kazetaritza proiektu baten aurkako erabakia dago atzean. Egin itxita jarri zuten abian prozesu guztia; kolpe latza, edozein egunkari hondoratzeko moduko erabakia”.

Babes kanpaina zabala

Laguntza kanpainari heldu zion 2019n Gara egunkariak. “Hasieratik argi eduki genuen gure proposamena ez zela bideratu behar diru-bilketa soil batera. Zabaldu genuen mezua ondorengoa  izan zen: goazen espolio honi aurre egitera atzean utziz kapitulu beltz hori, eta ekin diezaiogun aurrera begirako proiektuari. Horrela, proiektuaren garapenari eman diogu garrantzia, produktua zein komunikazio eskaintza hobetzeari. Helburu hori lortze aldera, harpidetza kanpaina jarri genuen abian; hamar mila harpidedun lortzea zen gure erronka, eta bidean goaz. Hainbat jendearen elkartasuna piztea lortu dugu, eta pozik gaude horrexegatik”.

Altunak adierazitakoaren arabera, etorkizunari begirako eginahal nagusia harpidetza kopuru horri eustea da, nahiz eta gainditu zorraren ordainketa. “Lorpen horretara iristen bagara, gizarteak zerbitzu on bat eta kalitatezkoa eskaintzen ari garela ikusi duelako izango da, baliagarriak garela herri honen eta bere herritarren garapenean, iritzia finkatzen, entretenimendua eskaintzen…”.

Osasun krisia Gararen aldeko elkartasun kanpainaren erdi-erdian heldu da. “Gainerako hedabideen antzera gertatu zaigu: sekula baino ahalegin handiagoa egin dugu salbuespenezko egoerari erantzuteko batetik, baina bestetik, egoera normalizatu batean nahiko finkoak ziren diru-sarrerarik gabe geratu gara. Hori argi geratu da publizitatean, izugarri jaitsi baita. Beste zenbait arlotan ere kaltegarria izan da, adibidez, ehunka tabernen harpidetza galtzea, itxita egon baitira. Nolanahi ere, eta COVID-19ak jendearen premiak eta lehentasunak aldatu dituela jakin arren, Gararen aldeko elkartasunari eutsi zaio, gure pozerako; are gehiago, osasun krisialdiarekin batera, ia 1.000 harpidedun gehiago jaso dugu”.

__________________

Naiz Irratia

Naiz Irratia da Altunak zuzentzen duen Naiz proiektuaren azken emaitza. Egin Irratiaren itxieraren ostean aireratu zen Infor7 Irratia du oinarri Naiz Irratiak. 2020ko urte hasieran hasi zen emititzen irratia, lizentziak lortuta (bere seinalea, Donostialdean 93.8 da, eta Goierrin 102.2a da). 

Euskaraz emititzen du soilik. Bultzatzaileen esanetan, euskararen aldeko apustu horretaz gain, euskal naziotasunaren eta gizarte zibilaren taupadekin konpromiso tinkoa agertu nahi du. Alde horretatik, Euskal Herriko zazpi herrialdeak hartzen ditu informazio eremu gisa. 

Poliki-poliki, programazioa edukiz betetzen ari da irratia. Informazioaren Haria izeneko hiru magazinek osatzen dute informazioaren atala. Arratsaldeak Bigarren kafea magazinearekin betetzen ditu. Bestalde, musikak -euskal musikak, batik bat- protagonismo handia hartzen du egunez eguneko programazioan zehar. ABD-ak, Beste bat, Emen Gonak, Etxeko uzta, Reggae Fever, Revolutionary Grooves, Sateliteak… dira horietako irratsaio batzuk, denetariko esatarien eskutik, eta denetariko estiloak jorratuz. Irratiak bere irratsaio guztien podcastak eskura jartzen ditu bai bere web gunean, eta baita Arrosa Sarearen web orrian ere.

Erreportajea osorik: 564 Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!