Hurrengo denboraldia hasteko gogo biziz dago Aimar Murua

Aiurri 2020ko uzt. 4a, 10:00

Federazioak egin dion elkarrizketan Koronabirusak eragindako egoeraz hitz egin du.

Aimar Murua andoaindar gazteak 17 urte ditu, eta mendiko eskian etorkizun oparoa du aurretik.

Nola daramazu berrogeialdia?

Etxean egotera ohitu egin beharra neukan, eta hasieran gogorra egin zitzaidan. Nire burua antolatu nuen egunero zerbait egin ahal izateko, horrela ez nintzen asko aspertuko. Nire lagun gehienei oso gogorra egin zaie konfinamendua, baina niri ez zait batere gogorra egin.

Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?

Batez ere, arrabola eta indarra egiten ari naiz, nahiz eta batzuetan garajean korrika ibili. Astean zehar, kirolak txandakatu egiten nituen, honela ez nintzen nazkatzen. Niri, onura asko ekarri dizkit konfinamenduak, eta kirolaren arloan batez ere bizikletan hobetu dut.

Zein ziren aurtengorako zure helburuak?

Aurten en nuen inongo helbururik. Aurten, lehen kontaktu moduan hartu dut urtea. Zer maila zegoen ikusi nahi nuen, eta hurrengo urterako helburuak aukeratzeko erreferentzia gisa erabili nahi nituen.

Geldialdia gertatu arte egindako denboraldiarekin gustura amaitu al zenuen?

Bai. Oso pozik amaitu dut denboraldia, pare bat lasterketa egin ondoren. Gainera, lasterketa horiek mentalki oso ondo prestatu naute hurrengo urtean helburu pare bat betetzeko.

Udararako zein asmo duzu?

Triatloiaren denboraldiari hasiera emateko izugarrizko gogoarekin nengoen, baina orain udazkena arte ez dugu txapelketarik jokatuko. Aitarekin “Transpirenaica” egiteko asmoa ere baneukan, baina, hau ere bertan behera geratu zaigu. Hainbeste txapelketa bertan behera geratzeak, oraindik ere gogo gehiago ematen dit hurrengo urteko denboraldia hasteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!