"Kanpezu bizirik"

Mikel Arberas 2020ko uzt. 17a, 10:30
Sergio Garcia, Eider Sanchez, Dorleta Huitzi eta Eneko Mosquero Kanpezu Bizirik udalekuetako begiraleak

La Salle Berrozpe ikastetxeak urte luzez Arabako Kanpezun udalekuak antolatu ditu. Aurtengoan, Koronabirusa dela eta, Andoaindik atera gabe Kanpezuko izpitiruari eutsi nahi izan diote. Begiraleentzat esperimentua baikorra izan da.

Noiz hasi zineten begirale lanetan eta nolatan?

Dorleta Huitzi: Ni orain dela 13 urte inguru hasi nintzen begirale lanetan. Izartxon eta aisialdian aritzen ginen eta ume bezala Kanpezura joan ginenez aukera eman ziguten beste modu batera jarraitzeko. Orain ikusten ditugun umeak jada helduak dira. Horrelaxe hasi ginen eta gaur egun arte jarraitu dugu.

Sergio Garcia: Dorleta bezalaxe, Izartxon hasi eta, gerora Kanpezura igaro nintzen. Duela zortzi urte inguru hasi nintzen. Izan ere, gustura egin nuen Kanpezuko haur izatetik begirale izateko jauzia. Aurrerago ere jarraitzea espero dut. Urtean zehar lanean aritzen gara guztia antolatzeko, eta gogoz egiten dugu. 

Eider Sanchez: Ni aurten hasi naiz. Betidanik ikusi ditugu begiraleak haurrekin eta gazteekin ondo pasatzen, beraz, monitore izatearen ideia umetatik datorren zerbait da. Nahiz eta aurten ez-ohiko egoera honetan begirale gisa hasi, espero dut datorren urtean jarraitzea eta egoera aldatzea. 

Eneko Mosquero: Eider bezalaxe, Kanpezuko begirale berria naiz. Umetatik eduki dugu monitore izateko gogoa, eta espero dugu datorren urterako normaltasunez lanean aritzea.

Zer jasotzen duzue gazteengandik? Eta gazteek begiraleengandik?

Sergio Garcia: Ekintzak askoz ere modu informalago batean egiten ditugu, harremana beste modu batean oinarritzen eta sortzen da. Giro horrek eskolan bertan egiten  diren gauzak beste modu errazago batean lantzen laguntzen du. Horrez gain, umeak elkarren artean harremandu daitezke Andoainen dituzten erlazio itxietatik at. Guk beraiei beste giro mota bat, baloreak eta ondo pasatzeko aukera eskaintzen diegu. Haurren eta gazteen irrifarrak datozen egunetan gogotsu lan egiten laguntzen digu. 

Dorleta Huitzi: Esandakoez gain, euskaraz bizitzeko aukera daukate, ez bakarrik eskola giroan; naturaz gozatu dezakete, izan ere askotan Andoainen sartuta gaude eta haurrekin mendira joatea zaila izaten da; eta, batez ere, erakustea errutina edo egunerokotasun hori aldatu daitekeela. Askotan, lehen bilera egitean mugikorrak eraman daitezkeen edota telebista ikusteko aukera dagoen galdetzen dute. Kanpindendetan lo egiten dute eta ez dituzte mugikorrak eramaten. Egun batzuk igarota ohartzen dira hobeto pasatzen dutela ondokoarekin jolasean, mugikorrari itsatsita egon baino. Hori oso garrantzitsua da eta hasi ginenetik, gizartean dagoen menpekotasuna ikusita, gailuak alde batera uzten saiatzen gara. Jakitun dira besteekiko harremana askoz ere garrantzitsuagoa dela modu pertsonalean.

Zergatik Kanpezu? 

Eider Sanchez: Gauza asko ikasten genituen, eta etxera joatean gogo biziz erakusten genien gurasoei ikasitakoa. Oroitzapen asko ditut Kanpezukoak, urtetik urtera gogo handiagoz joaten ginen bertara. Beste mundu bat dela iruditzen zait, Dorletak esan bezala, teknologia alde batera utzita ohartzen zara lagunek duten garrantziaz. 

Eneko Mosquero: Niri asko gustatzen zait umeekin jolastea, ondo pasatzea eta memento gogoangarriak sorraraztea, eta uste dut horregatik hasi naizela begirale lanetan Kanpezun.

Azken urteetan lan handia egin duzue egonaldiak aurrera eramateko. Aurten egoera bestelako da, nola eragin dizue?

Eider Sanchez: Gogo handia genuen Kanpezura begirale modura joateko. Hortaz, egoera hau dela eta, zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Ekintza asko genituen buruan, baina egunak igaro ahala, antolaketa zaildu egiten zen. Beraz, Kanpezu bizirik mantentzeko zerbait egitea otu zitzaigun.

Dorleta Huitzi: Argi genuen zenbait egin behar zela. Kanpezurekin batera, umeen parte hartzea sustatu nahi genuen. Modu batera edo bestera, Kanpezu "bizirik" mantentzen saiatu gara. Kontuan eduki behar da Kanpezura L.H 5 eta D.B.H 4 bitarteko gazteak joaten direla, beraz, ekintzak adin ezberdinetara moldatuta egon behar zuten: Deltako erronka egin da, hamar egunetan 50 kilometro egitean oinarritzen da; esaterako, sukaldaritza eta eskumuturrekoak egiteko tailerrak antolatu ditugu; pista paseoa ere egin da Trentxikitik Otietara joan eta Goiburura igotzen. Ingurua baliatuta, natur ekintzak sustatu nahi genituen.

Sergio Garcia: Ohartu ginen oso zaila zela Jaurlaritzak ezartzen zituen baldintza guztiak errespetatzea; baina umeen eta begiraleen arteko lotura mantendu nahi genuen. Ekintza mota ezberdinak proposatzen saiatu gara, etxeetan eta kaleetan egiteko aproposak. Oro har, balorazioa orokorra baikortzat jo dugu.

Datorren urteari begira zein da zuen asmoa?

Eider Sanchez: Espero dugu kanpaldira joateko aukera edukitzea eta, ordurako, Covid19 delakoaren pandemia amaitzea. Ea gauzak normaltasunez egiteko aukerarik dagoen, zeren eta, lehen aipatu bezala, antolakuntza handia eskatzen du eta gogo handia edukitzen dugu Kanpezura joateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!