'Leitzaran abentura' kirolari lotutako udaleku irekiak

Mikel Arberas 2020ko uzt. 17a, 12:00
Manex Iraola, Deine Zabalo eta Endika Huizi begiraleak

Segurtasun neurriak hartuta kirola eta udalekuak uztartu daitezkeela erakutsi digute hiru andoaindarrek.

Nolako esperientzia izaten ari da?

Nahiko ona, baikorra. Gazteak gogotsu daude egiten ditugun ekintzak nahiko bereziak direlako. Esperientzia aldetik, esan beharra dago, nahiko berezia dela hau guztia, izan ere, memento oro tenperatu hartu behar dugu eta oinarrizko higiene neurriak bete behar ditugu. Hala ere, taldea txikia garenez eta aire librean gaudenez, neurri hauek betetzea errazagoa da.

Segurtasun eta higiene neurriak zorrotz bete behar dira. Zer moduz moldatzen zarete?

Baldintzat zorrotzak dira bai, baina koronabirusagatik oinarrizko neurri batzuk bete behar dira; esaterako, tenperatura hartzen dugu eta beharrezkoa denean maskarak jartzen ditugu. Egungo egoerara egokitu beharra dago haurren eta begiraleon segurtasuna bermatzeko. Gehitu beharra dago, egiten ditugun kirolak bakarkakoak direla, beraz, gazteen artean ez dago elkarreragin askorik.

Zein ekintza egin dituzue?

Askotariko jarduerak egin ditugu; esaterako, bizikletan eta piraguan ibili gara, arku-tiroa egin dugu eta orientazio jarduerak egin ditugu, beste batzuen artean. Oraingoz egin ditugun jarduerekin pozik daude, eta horrela jarraitzea espero dugu.

Nola baloratzen duzue ez-ohiko udaleku hauek?

Haurrak oso jarrera ona edukitzen ari dira, eta begiraleok gazte bakoitzaren alderdi baikorrena ezagutarazten saiatzen gara. Azken finean, kirola egiten ondo pasatzen badute guretzako oso seinale ona da, pozik gaude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!