Koronabirusa

"Andoaingo positiboek jatorri ezberdina dute"

Jon Ander Ubeda 2020ko uzt. 16a, 22:00
Marijose Izagirre, Andoaingo alkate-ordea

Bederatzi kasu positibo zenbatu dira Andoainen, azken astean. Herritarrengan egon daitekeen kezkaren aurrean errezeta bakarra dago: Prebentzioa. Andoaingo alkate-orde Marijose Izagirreri elkarrizketa.

Azken astean zortzi positibo Andoainen, eta Euskadin oro har joera bat aldatu egin da. Lehen Gipuzkoan kasu gutxien agertzen ziren, orain kontrakoa da. Kezkatuta zaudete?

Uztailak 7 eta 14 bitartean 9 positibo izan ditugu Andoainen. Ez nuke esango joera aldatu denik. Osasun alerta hasi zenetik 48 andoaindar kutsatu dira, horietatik gehienak dagoeneko sendatuta. Andoainen tamainako herriekin alderatuta nahiko kutsatze indize apala izan dugu. Baina birusak ez du udalerri edo adin bereizketarik egiten, eta ezin dezaket ukatu, azken datuek eta andoaindarrengan izan dezakeen bilakaerak asko kezkatzen gaituela. Tamalez, COVID-19a gure artean dago.

Positibo guztien artean badago loturarik ala jatorri ezberdina dute? Zein da Osakidetzak eskaini dizuen informazioa?

Ez. Jatorri ezberdina dute, nahiz eta batzuen artean lotura egon, konkretuki 2 kasu dira Ordiziako fokoan jatorria dutenak. Foru Aldundiak Andoainen duen inklusio eta formazio gela batean eman da beste fokoa, eta 6 kutsatuetatik 2 dira andoaindarrak. CIPean ere herrikoa ez den ikasle batek positibo eman du, eta Lanbiderekin harremanetan gaude ekimen bateratua aurrera emateko. Gainerakoek ez dute elkarrekin zer ikusirik.

Osakidetza eta osasun sailetik kutsatutako bizilagunen jarraipen edo “rastreo” zorrotza eta PCR probak egiten ari dira, pertsona horiekin kontaktuan egon direnei jarraipena eginez. Andoaingo Udala elkarlanean ari da eskura dituen informazio eta baliabideak elkarbanatuz.

Ludotekan jakin badakigu prebentzio neurri guztiak hartzen ari zirela. Zabalpena izan dezakeen kezka alde batera utzi behar da?

Bai, ala da. Behin osasun alerta gainditu ondoren, ikasturteari amaiera emateko Ludoteka irekitzea erabaki zenean, segurtasun eta osasun neurri guztiak bermatzea lehenetsi zen. Ludoteka gestionatzen duen enpresari protokolo guztiak ezarri eta betearazi genizkion. Gauzak horrela, irekitzeko erabakia hartu genuen.

Beti izango dugu kezka, baina osasun adituen ustez, ez dirudi “brote” edo zabalpen komunitario bat gertatuko denik. Lasaitasunerako deia egiten digute, PCR probak egiten ari dira oraindik, baina momentuz Osakidetzak ez du zabalpen edo "brote" berri baten aukera antzeman.

Zabaldu duzuen oharrean prebentzioa areagotzeko deia egin duzue, bereziki ostalaritzan. Kezka handiena sektore horretan dago une honetan?

Gure obsesio eta kezka nagusi bilakatu da, prebentzioa eta arduraz jokatzea eta erakunde gisa herritarrei modu berean aritzea eskatzea. Orokorrean andoaindarrek oso ondo erantzun dute bai alarma egoeran nola hau amaitu ondoren, baina orain ezin dugu erlaxatu. Ardura kolektiboa eta indibiduala ezinbestekoak dira.

Kexak jasotzen ditugu herritarren aldetik, hainbat merkataritza eta ostalaritza guneetan ez direla neurriak betetzen, jende pilaketak sortzen ari direla. Gure plazatan konprobatu dugu hala dela, herritar guztiek ez dituztela neurriak kontutan hartzen. Horregatik, dei etengabea egiten ari gara musukoa beharrezkoa dela gogoratuz, aldentze distantziak mantendu behar direla, bai komertzioetan eta baita tabernetan ere, higienea eta desinfekzioa etengabea izan behar dela, horretarako gelak eskuragarri jarriz.

 

Dei etengabea egiten ari gara musukoa beharrezkoa dela gogoratuz, aldentze distantziak mantendu behar direla

 

Gakoa urruntze soziala eta musukoa erabiltzea da. Jokabide desegokien aurrean kontrola zorroztuko duzue?

Kontrola indartu dugu, udaltzaingoaren presentzia etengabea da, baina ezin genezake udaltzain bat txoko bakoitzean eduki. Musukoa edo maskara derrigorrezkoa izan dadila nahi dugu, eta Eusko Jaurlaritzatik baieztatu digutenez, datozen orduetan hala izango da. Ez dugu deskartatzen taberna edo ostalaritzako jende pilaketak mugatu ahal izateko neurri berriak hartzea, inguruko herri eta erakundeekin harremanetan ari gara, aforoan edo ordutegian eragingo luketenak.

Uda gainean dagoela zein mezu zabalduko zeniekete herritarrei?

Ohikoak ditugun jarduerak eta ekintzak egin ahal izateko mugak izango ditugu. Festak ospatzeko hilabeteak dira eta kultur sailak aholkatu zuen aurten festarik ez ospatzea, ahal den neurrian jende pilaketak ekidin behar ditugu. Konprobatu da jende pilaketak dauden lekuetan kutsatzeko arriskua bikoiztu egin dela.

Hainbat erabaki hartu ditugu dagoeneko: Otieta eta Olazar parkerako sarrera aste buruetan itxi egin dugu hiribus zerbitzu bat ipiniz bertara joan nahi duenarentzat. Udaletxeko sail bakoitzak bere kirol, kultur, aisialdi eskaintza egokitu du, herritarrei berme guztiekin ahalik eta oferta zabalena eman ahal izateko. Zerbitzu sailak desinfekzio lanekin jarraitzen du eta garbiketa sakonak egiten ari gara.

Kalera ateratzea edo paseatzea segurua da, segurua da herriko tabernan garagardo bat hartzea, herriko dendetan erosketak egitea, hiribusa erabiltzea, edo kiroldegiran saio bat egitea. Gakoa modu arduratsuan jokatzean dago: maskara erabiliz, distantziak mantenduz eta eskuak garbituz. Pilaketak edo jende metaketak egon daitezkeen guneetatik at.

Gakoa modu arduratsuan jokatzean dago: maskara erabiliz, distantziak mantenduz eta eskuak garbituz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!